Euskara: Simon Fetet prefetaren arabera "ofizialki" terminoa ezin dute baliatu herriko etxeek

Departamentuko prefetak berretsi du herriko etxeek ezin dutela euskara ofizialki aitortu. 2018an Euskal Elkargoak "ofizialki" terminoa baliatu bazuen ere euskararen aitortza egiteko, prefetak dio ez dela egia.

Euskara: Simon Fetet prefetaren arabera "ofizialki" terminoa ezin dute baliatu herriko etxeek
Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefeta. DEUX-SEVRESEKO PREFETURA
Jose Luis Aizpuru
2026/10/02 07:57

Simon Fetet prefetak atzo adierazi duenez, bere oharrak irizpide juridikoetan oinarritzen dira eta ez "politikoetan". Ipar Euskal Herriko hamabost herriko etxek hartu dute euskara aitortzeko erabakia. Prefetak erran du delibero bakoitza artoski aztertuko duela. «Ez da auzi politiko bat, juridikoa baizik». «Euskara hizkuntza ofizial gisara aitortzen dute, eta ez dute horretarako eskumenik», gehitu du Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefetak.


Frantziako Konstituzioko 2. artikuluaren arabera, frantsesa da Errepublikako hizkuntza. Prefetaren arabera artikulu honek du garrantzia gehien, eta hartzen diren delibero guztien gainean du ondorio. «Ofizialki» terminoa dela arazoa gehitzen du prefetak. Haren ustez hitz horrek sortzen baitu arazoa, euskarari frantsesaren ber heineko estatusa ematen diolako. «Estatuak ez die debekatzen herriko etxeei agiantzak egitea. Euskara intereseko gaia da herrientzat, eta haren aldeko jarrera adieraz dezakete, edo baliabide gehiago eskatu». "Ofizialki" terminoa baliatu ez duten herriko etxeetako deliberoen kontra ez duela jo oroitarazi du prefetak.


Prefetaren arabera herriko etxeek deliberoak aldatu eta «ofizialki» hitza kenduko balute erabaki berri horiek ez lukete arazorik sortuko. Alta, herriko etxeek, hitz joko bat baliatuz, ez dute erraiten euskara hizkuntza ofizial gisara aitortzen dutenik, ofizialki, aitortzen dutela baino, euskara beren lurraldeko hizkuntza gisara.


Euskal Hirigune Elkargoak jadanik 2018an, euskara eta gaskoina lurraldeko hizkuntza gisara aitortzen zuen deliberoa bozkatu zuen, formulazio berdina baliatuz: "Euskal Hirigune Elkargoak ofizialki aitortzen du euskara eta okzitaniera-gaskoia bere lurraldeko hizkuntzak direla, frantsesaren ondoan». Prefetak ostegun honetan egin duen prentsaurrekoan, harrigarriki erran du erranaldi hori ez dela agertzen Elkargoaren deliberoan.

Entzun Simon Fetet prokuradorearen adierazpenak.

Interesgarri izanen zaizu