Bernard Elhorga auzapez ohiak hitzarmena izenpetu zuen herriko bozak aitzin joan den otsailean, ur-parkearen kudeatzailearekin. Christophe Jauregi auzapez berriak deliberatu du hitzarmenaren ezeztatzea. Auzibide bat izanen denez laster jakinen da.
Prefetak oharrak egin zituen hitzarmenaren kontra iragan apirilean
Senpereko Herriko Etxea eta Aquazone enpresaren arteko hitzarmenaren ezeztatzea deliberatu du Christophe Jauregi auzapezak bere kontseiluaren gehiengoarekin. Bernard Elhorga auzapez ohiak hitzarmena izenpetu zuen herriko bozak aitzin joan den otsailean, KHA2 ur-parkearen kudeatzailearekin.
Aintzira inguruko biztanleen arrangura eta haserrea piztu zituen Aquazone gunearen handitzeak eta Christophe Jauregi auzapeza berriaren kontseiluaren parte handiena ere proiektuaren kontra agertu da. Gainera 2026ko apirilaren 23an Pirinio-Atlantikoetako Prefetaren gutun bat eskuratu zuen Herriko Etxeak, Aquazone proiektu berriaren akatsak azpimarratzen zituena.
Ekainaren 29an estreinatuko du sasoi berria Aquazone ur-parkeak
Hitzarmena salatzen badu ere Senpereko Herriko Etxeak, sei hilabeteko iraupena du. Erran nahi du, aktibitateak ezin direla gelditu agorril bukaera arte. Preseski sasoia astelehenean (ekainaren 29an) abiatuko du Aquazone ur-parkeak urtegiaren ondoan duen kokaleku berrian.
Christophe Jauregik dio kudeatzaileekin antolatu bilkurak eta proposamen guziak antzu gelditu direla eta auzapezak dolu du auzirik gabeko aterabiderik ez atzemanik.
Zuzenean mintzatu da Senpereko auzapeza gure berri sailetan larunbat goiz honetan.