ARGIAk 100.000 argazkiko fototeka digitala jarri du herritarren eskura, lizentzia librean.
Euskal Herriko azken hamarkadetako irudi historikoak deskargatu eta berrerabili daitezke, egilea aitortuta.
ARGIAk bere ondare grafikoaren zati handi bat herritarren eskura jarri du: 100.000 argazki baino gehiago bildu ditu Fototeka digitalean, lizentzia librean erabilgarri. 1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko irudiak aurki daitezke bertan, Euskal Herriko historia hurbila dokumentatzen dutenak: manifestazioak, kultur ekitaldiak eta pertsonaia ezagunen erretratuak, besteak beste.
Irudi guztiak kalitate handian deskarga daitezke, eta Creative Commons lizentzien bidez partekatzen dira; hau da, egilea aitortuz gero berrerabili daitezke. ARGIAren arabera, proiektua irekia da eta etengabe elikatzen jarraitzeko asmoa du, herritarren ekarpenak ere jasoz. Hala azaldu digu Jon Torner ARGIAko Fototekako langileak: «Herri ondarea da, eta herriaren esku utzi behar genuela pentsatu dugu». Dena ikusgai da ARGIAko Fototekaren webgunean.