100 hitzordu baino gehiago izanen dira bioaniztasunaren garrantziaz ohartarazteko, espezieak eta haien bizi eremuak hobeki babesteko, eta klimaren inguruan hainbat herritar eta eragile elkartzeko.
Klima astean, izan molde akademikoan edota ludikoan; ibilaldiak, tailerrak, hitzaldiak edota erakusketak izanen dira, besteak beste. Aurtengo helburua ez da soilik espezieak ezagutzea: bioaniztasunak klima aldaketaren aitzinean duen garrantziaz ohartaraztea ere nahi dute. Hala nola erakustea bioaniztasunak uraren kalitatea edota laborantza batez ere babesten dituela.
Ekimena bakarrik aste batekoa baldin bada ere, Euskal Hirigune elkargoan, trantsizio ekologikoa lurraldeko politika guztietan txertatzea da xedea, eta kontzientzia hori epe luzera atxikitzea.
Hitzorduetan, Urriaren 5ean, Angelun, Marc-André Sélosse biologoaren "Bioaniztasuna, humanismo baten gisara" hitzaldia izanen da, gizakiaren eta bizidunen arteko harremanez. Distantzian ere segitzen ahalko da Hazparnetik. Egitarau osoa euskal hirigune elkargoko webgunean aurkituko duzue.