Paueko auzitegian aztertu zituzten atzo Pirinio Atlantikoetako prefeturak Sarako eta Baionako Herriko Etxeen aurka hartutako erabakiak. Euskara lurraldeko hizkuntza gisa aitortzeak koofizialtasuna ezkutatzen duela dio Frantziako gobernuak.
Euskararen “koofizialtasun moduko bat gordetzea” eta Euskal Konfederazioaren aldarrikapenari batzea leporatzen die Baionako eta Sarako kontseiluei Frantziar estatuak, prefeturaren bidez.
Arrazoia? Uztailean, euskararen aitortze sinbolikoa bozkatu zuten Baionako eta Sarako kontseiluek; prefetak ukatu zuen erabaki bat. Azkenean, atzo deitu zituzten Auzitegi Administratibora. Prefeturaren arabera, delibero sinbolikoa eta Euskal Konfederazioaren aldarrikapen politikoak nahasi dituzte herriko etxeek. Euskararen koofizialtasun modu baten gordetzea leporatzen diete eta susmoa dute bat egin dutela Euskal Konfederazioaren aldarrikapenekin.
Erabakia astebetean jakin beharko lukete, baina anartean Jean René-Etxegarai Baionako auzapezak iragarri du kasazio auzitegira jotzeko prest direla. Ici Pays Basque irratiak bildu ihardespenetan, "Baionan betidanik errealitate bat" izan dena aitortzen du kontseiluan hartutako mozioak, hots, euskara eta gaskoia Baionako hizkuntzak direla, eta zehaztu: "frantsesa ez da desagertzen".