Auzitegietan euskarak atzera egin du

Azken hilabeteetan, epaiketetan euskaraz aritzea debekatua izan zaie Baionan auziperatuei, nahiz eta garai batean hizkuntza onartua izan. Lege-aldaketek eta babes faltak hizkuntza-eskubideen mugak agerian utzi dituzte azken 30 urteetan.

Auzitegietan euskarak atzera egin du
Uztaila hastapenean 1.500 pertsona inguru mobilizatu ziren Baionako karriketan «Justizia euskararentzat» lemapean. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/10/14 07:00

Azken hilabeteetan izandako lau auzitan, auziperatuei euskaraz aritzea debekatu diete epaitegietan. Baina ez da beti horrela izan: garai batean euskarazko itzultzaileak bazeuden, eta hizkuntza horretan mintzatzea posible zen, nahiz eta frantsesa izan administrazio-hizkuntza nagusia. Gaur egun, euskarak atzerapauso nabarmena egin du auzitegietan. Hala ere, Jakes Bortairu militanteak azaldu digunez, 1980ko hamarkadan euskararen erabilera onartua zen, nahiz eta auzipetua frantziar nazionalitatekoa izan. Hau da, epaiketa batean euskaraz aritzea ez zen legez kanpokoa.

Bortairuk Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aipatzen du hemen. Artikulu horrek Errepublikaren sinboloak zehazten ditu, baina luzaroan ez zuen hizkuntzari buruzko aipamenik. Hala ere, Ihintza Palacín, UPV/EHUko ikerlariak, gogorarazi du hizkuntzaren auzia ez dela berria: 1539an ezarri zen Villers-Cotterêts ordenantza, Frantzisko I.a erregearen aginduz, administrazioa eta justizia frantsesez egiteko, latinaren eraginaren aurka. Hori izan zen frantsesaren nagusitasun juridikoaren lehen oinarria.

1994an, Konstituzioari lerro famatu bat gehitu zitzaion: “Errepublikaren hizkuntza frantsesa da.” Aldaketa sinple horrek ondorio sakonak izan zituen hizkuntza gutxituen erabileran. Garaian eztabaida handia piztu zen, ingelesaren aurkako legea izan behar omen zelako, baina, azkenean, legeak hizkuntza-aniztasunaren aurkako ate juridiko bat itxi zuen. Ondorioz, gaur egun epaitegietan ez da onartzen frantsesa ez den beste hizkuntzarik.

Ihintza Palacín ikertzailearen arabera, 1994ko artikulu-gehikuntza izan zen auzitegietako hizkuntza-egoera irauli zuen mugarri nagusia: «Gure sistema juridikoan, epaileak legea aplikatu behar du, bai ala bai, eta horrek suposatzen du frantsesez egin behar dela». Hala ere, zenbait kasutan, epaitegiak euskarazko itzulpena onartzera behartuta egon litezke, baina soilik auzipetuak frantziar nazionalitatea ez duenean. Horrek esan nahi du frantziar herritar euskaldunek ez dutela beren hizkuntza erabiltzeko eskubide errealik, suposatzen baita frantsesa badakitela.

Aldaketa egiteko aukera izan zen 1992an, Europako Kontseiluan proposatutako Hizkuntza Gutxituen Babeserako Hitzarmena sinatu zenean, baina Frantziak ez zuen inoiz berretsi. Ondorioz, euskara eta gainerako hizkuntza gutxituak babesik gabe geratu dira epaitegietan. Ihintza Palacínek gogorarazi du hizkuntza lege horiek bere garaian latinar eta ingelesaren eragina mugatzeko asmoz sortu zirela. Baina gaur egun, ingelesa gure hiztegietan eta eguneroko hizkeran guztiz txertatua dagoela ikusita, galdera bat airean geratzen da: lege horiek oraindik ote dute beren lekua gaur egungo gizartean?

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu