Azkaine batu da “Euskaraz barra-barra” egitasmora. Publikoari idekiak diren 17 gunetan langile batek gutienez euskara ulertzen baldin badu edo euskaraz baldin badaki, pegatina gorri baten bidez seinalatua da publikoari euskaraz hitz egiten ahal dela.
Orain, Azkaineko 17 saltegi edo ostatutan, « hemen euskaraz mintza gaitezke » irakurtzen ahal da xibaleta edo pegatina gorri batean. Euskal Herri mailako marka bat da egitasmoa eta adierazten du leku horietan euskaraz aritzen ahal dela, gutienez langile batek baduelako euskara ulertzeko gaitasuna edo mintzatzeko gaitasuna.
« Euskaraz barra-barra » egitasmoa euskararen erabilera sustatzeko abiatu du Euskararen erakunde publikoak. Euskal Herri mailako marka izanik, Nafarroan eta Euskadin ere hedatzen ari da. Erakundeak Azkaineko Herriko Etxeari proposatu zion egitasmoan parte hartzea. Geroztik, Ipar Euskal Herrian aplikatzen duten lehen herrietariko bat da Azkaine.
Azkaineko Herriko Etxea ibili da herriko hainbat denda, saltegi, ostatu eta publikoari idekitako guneetan galdetzen ea tokiko norbaitek bederen euskara ulertzen duen. Guztira, 17k onartu dute publikoari erakustea euskaraz mintzatzen ahal dela. Ekainetik bada euskara teknikari bat herriko etxean, eta egitasmo hau da euskararen praktikari loturiko lehen proiektua.
Plazan ostatua, Azkaineko farmazia, Susperregui okindegia, Xoko Ona… horiek dira pegatina gorria eman duten tokietako zenbait. Azkaineko Herriko Etxearen webgunean ikus daiteke parte hartzaile guztien zerrenda osoa.