Kaleko Afari Solidarioak azken hilabetetan gauero 300 bat afari bero eskaintzen bazuten, uztailaren 28tik Jon Intxaustik (EAJ), Donostiako auzapezak, debekatu du banaketa.
Pobreziaren kontrako atakek jarraikitzen dute hiri handietan, Donostian, Kaleko Afari Solidarioak eta herriko etxearen artean ez dira bazterrak lasaitzen.
2020eko azaroan Ibaetako infernua gune autogestionatua hustu ondotik etxe gabeko ainitzez ere gehiago ikusten ziren Donostiako karriketan. Hortik goiti hasi ziren antolatzen Kaleko Afari Solidarioak izendatu dena, gauero afari bero baten sukaltatzeko eta banatzeko. Xumeki hasi bazen, gose ziren hogei bateri zerbitzua eskaintzez, urteak joan arao handitu da afera. Kasik 200 bolondres desbardinek parte hartu dute azken urtean lan honetan, eta uda hastapenean gauero 300 afari eskaintzen zituzten.
Uztailaren 27an ordea herriko etxeak debekatzen zuela jakin dute. Honen argumentatzeko hiru arazo emanez: eremu publikoaren erabilpen ez xuxen bat zela, elikagaien trazabilitaterik ez zela eta hirugarrenik karrikako segurtasuna zalantzan ezartzen zuela. KAS-eko Samiñe Irigoyhenen arabera motibazio horiek aitzakiatik hurbilago dira ez eta argumentazio batetatik. Dena den uztail hondarrean debekua izan denetik ogitartekoak banatzen hasi dira laguntzaileak.
Herriko etxeak alternatiba bat plantan ezartzen duala iragarri du. Egungo egunean 65 afari banatzen ditu. Baina programa horretan parte hartzeko baldintza zonbait bete behar dira: hirian erroldaturik izatea edo hiru hilabete hor dela frogatzea, eta gizarteratzeko edo lanean hasteko gogoaren ukaitea. KAS-en arabera baldintzak ezartzeak jende andana bat baztertzen ditu.
Historia ez da bukatua, mobilizazio andana bat egin dituztelako Solidaritatea ez da delitua lelopean. Ikusiko orai hurrengo urtean izanen diren udal hauteskundetan eragin ukenen duenez, Jon Intxausti oraiko auzapezak berriz aurkezteko gogoa duelako.
Donostiako herriak egin inkesta baten arabera 500 bat pertsona bizi dira karrikan Gipuzkoako hiriburuan.