Aurten, Baigorriko ikastolak 20 urte betetzen ditu. Iraupen hori, urteetan lan egin duten guraso, laguntzaile zein irakasleen ahaleginen emaitza da. Horregatik, ikastolaren ibilbidean beren alea ekarri duten hiru lagun elkarrizketatu ditugu.
Egiaz, Baigorriko ikastola izena duen lehen ikastola ez zen duela hogei urte sortu. Hori baino lehenago, lehen saiakera bat izan zen. Orduko testuinguru politikoa lagungarria izan ez bazen ere, lehen ikastola muntatzea lortu zuten. Ilusioz oroitzen da garai hartaz Marikita Tambourin, orduan izaniko lehen irakaslea.
Hortik eta urte batzuetara, 2006an, ikastola Baigorrira itzuli zenean, Elena Etxeletek, irakasleak, eta Arbil Rosasek, laguntzaileak, bigarren saiakerari bide eman zioten langile gisa. Elena Etxeletek kontatzen digu garai hura, eta nola ikusi duen ikastola eboluzionatzen urteetan zehar.
Azkenik, guraso eta laguntzaile lanetan ibilitako Lolita Brustek esplikatzen digu nola bizi izan zuen prozesu guzi hura, hain zuzen gauzatzen ari zen amets baten gisara.
Irailaren 5eko ospakizunaren egitaraua
Eguna 11ak t’erditan hasiko da ekitaldiarekin. Hitzaldi eta kantuak izanen dira eta, ondotik, ikastolari ekarpena egiten diotenen artean talde-argazkia eginen dute.
Jarraian, aperitifa Gaitistaneko Orkestrak girotuko du, eta 1ak t’erditan bazkaria eginen dute. Arratsaldean, 3etan, herri jokoak izanen dira, Gaia elkarteak antolaturik. 7etatik aitzina kontzertuen txanda izanen da: Kalume, Frigo eta DJ Getto Lutx eta Selekta Rak arituko dira.
Horrez gain, Oronozian bertan argazki-erakusketa bat antolatu du elkarteak, 2004tik 2026ra bitarteko ibilbidea jasotzen duten irudiekin. Urteurrena ospatzeko, Dom Campistronek diseinatutako eta Mamuk serigrafiatutako elastiko bereziak ere salgai egonen dira. Bestalde, ikastolak Irulegiko Sotoarekin elkarlanean ekoitzitako ardoa ere erosten ahalko da.