Maite Haran emazteen palantxa lehiaketan, Zaharrer Segiko eta kanpoko pilotariak nahasi dituzte. Herriarena esku huskako gizonen lehiaketan, Plekari egiturako hiru ekipa eta Esku Pilotako bat ari izanen dira.
Baigorriko Maite Haran eta Herriarena pilota trofeoak ostiral honetan hasten dira. Urtero Zaharrer Segi Baigorri aldeko pilota batasunak antolatzen dituen lehiaketak dira: emazteen palantxa trofeoa, eta gizonen esku huskakoa. Erran behar da aurten usaiaz kanpoko gertakari batzuk baldintzatu dituztela lehiaketa horiek: Munduko txapelketa eta Plekari eta Esku Pilotaren arteko lehia.
Maite Haranen omenezko lehiaketa
Izen berria eman dakote emazteen pala trofeoari: aurten zendu den Maite Haran pilotari ohia omendu nahi izan dute. Zaharrer Segiko pilotari handia izan zen denboran, Frantziako txapeldun eta Munduko txapelketetan parte harturik, Baigorriko klubeko entrenatzaile izan zen ere bai.
Usaian bezala, Zaharrer Segiko pilotariak nahi izan dituzte argitan ezarri: ekipa bakotx klubeko pilotari bat nahasi dute kanpoko batekin. Ostiral honetan iraganen dira finalerdiak:
19.00: Oçafrain H. - Chapelet-Ousset / Amestoy - Oçafrain T.
20.00: Arrosagaray - Marisco / Heguy - Oçafrain N.
Esku huskako Herriarena trofeoa: testuinguru berezia
Ducassou, Ospital, Larralde edota Pierre Etcheverry... Pilotari hoberenetariko batzuk Munduko txapelketara joanak dira urri honetan. Horiek gabe osatu dituzte Baigorrin lehiatuko diren pareak. Aldi honetan, Plekari egiturako hiru ekipa eta Esku Pilotako baño ikusten ahalko dira.
Egituren arteko lehia aipatu dauku Bixente Videgain Zaharrer Segi pilota batasuneko lehendakariak. Pilotako munduarendako konkurrentzia izan dadin gauza ona dela uste du. Aldiz, pilota klubendako bien artean egotea ez dela beti errexa azpimarratu du. Solas guti denez, pilota batasunak galduak izaten ahal direla uste du.
Bixente Videgain Zaharrer Segiko lehendakaria. IRULEGIKO IRRATIA
Frantziako Federakuntzaren jokamoldea ere komentatu dauku Videgainek: "enetako Federakuntzak ez du bere lana eramaten. Trenkatu behar ditu gauza batzuk. Ez zaut iduritzen Federakuntza neutroa den". Zaharrer Segiko lehendakariaren erranetan, Federakuntza Esku Pilotaren alde litaike: "edozoin gisaz, Esku Pilotakoak Federakuntzan dira".
Ez zaut iduritzen Federakuntza neutroa den.
Horretaz gain, huts handi bat egin duela Federakuntzak uste du Bixente Videgainek Hazparneko formakuntza zentroari begira. Ez du salatzen Esku Pilotak bere zentro muntatu nahi duela baina domaia atxematen du Federakuntzak ez dezan beste bat plantan ezar, gazteen formatzeko. Iduritzen zako "batasunak ahantziak direla".
Igandean iraganen dira Herriarena esku huskako lehiaketaren finalerdiak:
16.00: Etcheverria - Larre / Larrechea - Guichandut
17.00: Ziarrusta-Orhategaray / Teillery-Luro
Jakin bestalde finalak urriaren 25ean iraganen direla, igandearekin.
