Baiona (Lapurdi)

Baionan da Emmanuel Macron, militarrei bisitan

Lehenengo RPIMA paraxutisten erregimentua bisitatuko du Frantziako lehendakariak, ondotik Pirinioetara Frantziako itzulia ikustera joan aitzinetik.

Baionan da Emmanuel Macron, militarrei bisitan
2019tik ez da Euskal Herrian izan Macron, G7aren kari behin baino gehiagotan etorri zen orduan. FRANTZIAR GOBERNUA
Aimar Lopez Erasun
2026/07/09 11:42

Baionan geldialdi labur bat egitekoa da gaur Emmanuel Macron Frantziako lehendakaria, Sud Ouestek iragarri duenez. Zitadelan oinarritua den lehen RPIMA marina infanteriako paraxutisten erregimentuko soldaduei bisita ofiziala eginen die. Aipatu egunkariaren arabera, urteak ziren bisita hori zor ziela, indar armatuen burua den heinean. Erregimentuaren komandantzia aldaketara dator lehendakaria; gaur hartzekoa du kargua Lavisse koronel berriak. Jean-René Etxegarai alkateak harrera eginen diola ere zehazten du kazetak.

Baionan oinarritutako erregimentua frantziar armadaren indar espezialen parte da, eta maila goreneko misioak burutu ohi dituzte. Atzerriko gerletan parte hartu ohi dute, baita Frantziak, gerla garaietatik kanpo ere, atzerrian egiten dituen erasoetan. Lurreko armadaren parte dira, Pauen egoitza duen CAST lurreko indar berezien komandantziaren pean.

Eguerdi aldera iristekoa da Macron Miarritzera, hegazkinez, eta 12:30tan hastekoa den bisita laburraren ondotik helikopteroz joanen da Baionako base militarretik Pirinio ingurura. Izan ere, ohikoa den Frantziako Itzuliko Pirinioetako etaparen bisita egitekoa du gaur lehendakariak, Paue eta Gavarnie lotzekoa dituen seigarren etapan.

Interesgarri izanen zaizu