Etxepare lizeoko 150 ikasle inguruk ekintza sinbolikoa egin dute Baionako suprefeturaren aitzinean, Baxoa osoki euskaraz egiteko estatuaren engaiamendu eskasa salatzeko. Aurreikusitako aitzinamenduak txalotu arren, ez direla nahikoak diote ikasleek.
Goiz honetan, asteazkenarekin, Etxepare lizeoko 150 ikasle inguruk ekintza sinbolikoa egin dute Baionako suprefeturaren aitzinean. Baso erdi hutsak utzi dituzte, Baxoa euskaraz osoki egiteko estatuaren engaiamendu eskasa salatzeko.
«Basoa erdi betea edo erdi hutsa, guk argi dugu: Baxoa oraindik erdi hutsa dugu», adierazi dute ikasleek. Azaldu dutenez, aurten lehen aldiz leheneko matematikako Baxoko azterketa euskaraz zuzenduko da, eta 2028rako berezitasun bat eta hari loturiko ahozkoa euskaraz egiteko aukera iragarri da.
Haatik, neurri horiek ez direla nahikoak diote, eta ez dutela etorkizunerako bermerik eskaintzen. Horregatik, Seaskak asteburu honetako mobilizazioak bertan behera utzi baditu ere, Bordelen iragan behar zen larunbateko manifestazioa bezala, ikasleek mobilizatzen segituko dutela erran dute, Baxo osoa euskaraz pasatu arte.