Baxe Nafarroako eta Xiberuako mendietan ura eskas da idortearengatik

Azken egunetako bero handien ondorioz, bortuko iturriak agortzen ari dira, eta kabalak urik gabe gelditzen. Garazi eta Xiberuako mendi sindikatuek ura ziterna kamionen bidez mendira eramaiteko planak abiatu dituzte.

Baxe Nafarroako eta Xiberuako mendietan ura eskas da idortearengatik
Behorlegi-Arbaila. WIKIPEDIA
Nahia Etxeberri Lopepe
2026/06/26 10:00

Idortea ez da bakarrik herrietan gertatzen. Bortuan ere eragin handia du, hango kabalen eta artzainen bizia baldintzatzen baitu. Azken egunetako beroaren ondorioz, mendiak urik gabe gelditzen ari dira. Batzuk deia agortuak dira, ekaina izanik ere.

Azken urteetan baino goizago gertatu da idortea aurten; 2022an baizik ez zen berdin gertatu. Henry Inchauspe Garaziko mendi sindikatuko lehendakariak eta Benoît Tauzin Xiberuako sindikatuko ordezkariak esplikatu dute mendiak ez duela itxura onik, dena idortua delako. Usaian, mendi bakotxean 60 000 pinta ureko erreserba bada ere, ur maila lanjeroski apaltzen ari da. Eremu batzuk besteak baino kaltetuagoak dira, besteak beste Behorlegiko bortua edo Bostmendieta, hauetan ura osoki agortua delako. Beraz, mendiko kabaleek ura falta dute.

Ura hornitzeko planak

Ur eskasari aurre egiteko, mendi sindikatuek plan desberdinak abiatu edo abiatzekotan dituzte. Alde batetik, ziterna kamionen bidez ura mendietara garraiatua da. Henry Inchausperen hitzetan, kamionek ura mendiko erreserbetara eramaiten dute, erreserbak berriz betetzeko eta beste asketara zabaltzeko. Egunean lau kamion igortzen entseatzen dira, kabalek hiru kamionen ekibalentzia edaten dutelarik.

Horrez gain, Garaziko mendi sindikatuak proiektu bat du ura kamionen beharrik gabe mendira igaiteko. Behorlegi Xilardoiko iturritik hartu eta hodien bidez igaitea da ideia, mendiz mendi. Iguzki paneler eta bero ponper esker eginen luke bidea. Proiektua ez da ono gauzatua, baina normalki uztail undarreko prest izanen da.

Xiberuaren kasuan, Garicoitz enpresa aste huntan hasi da ura mendira eramaiten, eta langileek 18 000 litro eraman zituzten deia ostegunean.

Bazka ere idortzen ari

Baina ura ez da mendian falta izaiten hasiko den bakarra. Bazkaren aldetik, orain arte kabalek behar duten guzia ukan dute, deia pusatua zelako. Hala ere, fite problemak hasten ahalko dira. Benoit Tauzinek ohartarazi du belarra idortzen eta guttitzen ari dela, bereziki Ahüzki eta Bostmendieta bezalako bortuetan. Euririk egiten ez badu, ez da berriz pusatzen. Onokoan aski janari bada ere, euriaren jiteak du dena konponduko.

Interesgarri izanen zaizu