"Baxoko kopia guztiak zuzenduak" direla baieztatu du Édouard Geffray hezkuntza ministroak

Joan den ostiralean, Bernat Etxepare lizeoko 80 bat ikaslek matematikako baxoa euskaraz erantzun zuten. Azterketak zuzendu, zuzenduko dituztela erran du gaur goizean ministroak.

"Baxoko kopia guztiak zuzenduak" direla baieztatu du Édouard Geffray hezkuntza ministroak
2028rako baxoa aldatu eta hizkuntza guttituei leku gehiago eman nahi die Édouard Geffrey ministroak. FRANTZIAKO GOBERNUA
Aimar Lopez Erasun
2026/06/17 12:06

«Baxoko kopia guztiak zuzenduak dira»: erantzun argia eman die Édouard Geffrey hezkuntza ministroak, gaur goizean, France Info irratiko kazetariei. Artikulu honetan entzungai den erantzunean, Etxepare lizeoko ikasleen 80 kopiak bertze milaka ikasleenen moduan zuzenduko dituztela ulertarazten du ministroak, Seaskako komunitatearen itxaronaldiari haize ufada bat emanez. Joan den ortziralean, "desobedientzia ekintza" aldarrikatu zuten ikasleek azterketatik ateratzean, eta "kalteak kalte" euskararen alde egin zutela azaldu.

Édouard Geffrey ministroak gehitu du matematikako azterketa izaki, probaren herena "automatismoak" direla, eta gaineratekoan ez dela "erantzun literariorik". Hala, joan den astean Etxepareko ikasleen argudioarekin bat egiten du nolabait, eta ikasleek aipatzen zuten "hizkuntza unibertsala" den matematika edozein hizkuntzatan ulergarri dela azaldu du ministroak, lerroen artean bada ere. Bordaleko Errektoretzarekin batera kudeatuko dute kopia zehatz hauen zuzenketa.

Interesgarri izanen zaizu