Gamarten, Elizetxea izeneko etxea berrituko dute, lehengo serorategia, hiru apartamenduren egiteko. Duzunaritze-Sarrasketan, lehengo apezetxea dute berrituko, sei bizitegiren sortzeko. Bi proiektuendako, Office 64ekin lanean ari izana dira.
Lehengo serorategi eta apezetxea bizitegiak bilakaraziko dituzte Gamarten eta Duzunaritze-Sarrasketan. Ideia da herritarrendako etxebizitza berri batzuen proposatzea, Office 64 egituraren laguntzarekin. Sozialak izanen dira bi herrietan sortuko dituzten bizitegiak.
Gamarte: Elizetxeari bizi berri bat eman
120 bat biztanle ditu Gamarte herriak eta gaur egun, gazteek ez dute bizitegi proposamenik herrian berean. Baina ondoko urteetan aldatuko da, Elizetxea etxean hiru etxebizitza sozial berri izanen baitira.
Gamarte herria Lakarrari lotua izan beti da elizako aferendako. Lakarran zuten ondorioz eraiki apezetxea, eta Gamarten serorategia, eliza entrenitzen zuen andere serorarendako. Duela dotzena bat urte, elizaz okupatzen zen azken herritarrak Elizetxea utzi zuen. Orduan, hautetsiek erabaki zuten etxe horren baliatzea, urgentziazko egoera batzuendako, alokairu murriztu batekin. Baina duela hiru urte, bastimenduaren egoera larria ikusiz, alokatzen gelditu ziren.
Prozesu berri bat plantan ezarri zuen herriko kontseiluak, jakiteko zer egin Elizetxearekin. Herritarrak galdezkatu zituzten, hainbat proposamen zabalduz: komertzio bat muntatu, etxea desegin aparkaleku baten egiteko edo gazteendako etxebizitzak sortu. Gamartarrek azken proposamena hautatu zuten kasik aho batez.
Gazteendako bizitegiak egin nahi zituzten Gamarteko hautetsiek baina fite ohartu ziren kostuak handiegiak zirela eta ziren diru laguntza ttipiekin, ezin zutela aitzina segitu. Orduan ziren Office 64 egiturari buruz itzuli. Elkarlanean dute muntatu proiektu berria: hiru bizitegi soziala proposatu Elizetxean. T2 bat, T3 bat eta T4 bat izanen dira.
Duzunaritze-Sarasketa: apezetxea herritarrendako berritu
Gamarten bezala, Duzunaritze-Sarasketan etxebizitzen falta sendi da. Zentzu hortan, apezetxearen berritzea erabaki dute hautetsiek, sei bizitegiren proposatzeko. Gamarten bezala, sozialak izanen dira.
200 bat biztanle dituen herriaren apezetxea hutsik egona zen azken hamar urteetan. Alta, hor bizi izan ziren lehen apezak eta eliza entretenitzen zuten andere serorak. Horietariko bat izan zen preseski gaur egungo auzapezaren - Bruno Jauriberry - birramatxia.
Bruno Jauriberryren erranetan, herriko etxean sartu zirelaik bere ekiparekin, berehala apezetxearen geroa aipatu zuten eta hautetsi guziek bat egin zuten ondoko hilabeteetan gauzatuko den proiektuarekin. Denek azpimarratu zuten Duzunaritze Sarasketan ere, herriko gazteek bizitegiak falta zituztela.
Eta Gamarten bezala, ikusiz obren kostua, Office 64 egitura hautatu zuten hautetsiek proiektuaren eramateko. Lehengo apezetxe hortan, sei bizitegi soziala izanen dira: T1bis bat, hiru T2 eta bi T3.
Office 64 egiturarekin alokatze kontratua
Proiektu gottorak dira bi herri ttipiendako: Gamarten 400 000€ ingurukoa eta Duzunaritze Sarrasketan 700 000€ ingurukoa. Diru zama horien atxemateko, Office 64 egiturarekin alokatze kontratu berezia izenpetu dute herriek.
Office 64ek beregain hartuko ditu obrak eta fresen gehiengoa, baina horren truk 55 urtez bederatzi bizitegien alokairuak berreskuratuko ditu. Epe hori pasatu eta, herriek eraikinak errekuperatzen ahalko dituzte, baliatzeko estatuan.
Nahiz eta Office 64ek dituen bizitegiak kudeatzen 55 urtez, bi auzapezek azpimarratu dute egiturarekin elkarlanean ari izanen direla egoiliarren hautatzeko eta lehentasun bat bazutela: herriko gazteer proposamena zabaltzea.
Orain zonbait hilabete edo urte igurikatu beharko dira lanaren emaitzaren ikusteko. Obrak ondoko hilabeteetan hasiko dituzte: 2025ko urte bukaeran edo 2026ko urte hastapenean.