Miarritze (Lapurdi)

Behin-behineko espetxealdia eskatu du prokuradoreak Miarritzeko bi animatzaileentzat

"Adin txikikoekiko sexu erasoak" eta "adin txikikoen ustelkeria" dela-eta ireki du Baionako ministerio publikoak ikerketa. Gaur bukatu zaie atxiloaldia, eta epailearen aitzinetik pasatzekoak dira. Akusazioak ukatzen dituzte bi gizonek.

Behin-behineko espetxealdia eskatu du prokuradoreak Miarritzeko bi animatzaileentzat
21 eta 36 urteko bi gizonak gaur pasatzekoak dira Baionako Askatasun eta Atxiloaldien Epailearen aitzinetik. JUSTIZIA MINISTERIOA
Aimar Lopez Erasun
2026/07/23 10:02

Astearte goizean atxilotu zituzten Miarritzeko Herriko Etxearen Mouriscot aisialdi zentroan lanean ari ziren bi animatzaile, lau salaketetan 3 eta 4 urteko haurrei sexu erasoak egitea leporatzen zietelarik. Uztailaren 6 eta 17 artean izandako erasoak aipatzen ziren, eta salaketez harago, orotara hamahiru balizko biktima zenbatzen ziren jada.

Bada, Baionako prokuradoreak ohar bidez azaldu duenez, ikerketak aitzina egin duen honetan hamasei haur dira, gaur gaurkoz, erasoak jasan dituztenak. Haatik, bortxaketa bat salatu zuen haurraren kasuan, galdeketetan "eraso sexuala izateko aukera zuten gertakariak" aipatu dituela dio prokuradoreak, "halaber, bortxaketa baten ezaugarri bereizgarriak aipatu gabe".

Hala, Miarritzeko komisaldegian bi eguneko atxiloaldiaren ondotik, ikerketa judiziala ireki du gaur Baionako prokuradoreak, "adin txikikoekiko sexu erasoak" eta "adin txikikoak usteltzea" delituekin loturik. Gainera, ikerketaren epea nabarmen handitu du: 2025eko uztailaren 1etik, 2026ko uztailaren 16ra. Izan ere, 21 urteko akusatua, animatzaile sasoilaria, joan den udan ere aritu zen Mouriscot aisialdi zentroan lanean.

Bi gizonek egiten zaizkien akusatuak ukatzen dituzte gaur-gaurkoz. Epaiketa izan arte, errugabetasun presuntzioa dute.

Interesgarri izanen zaizu