Bere arrakastaren gorakadaren aitzinean, AEKk jasotzen duen diru laguntzaren emendatzea nahi du

“Euskara goxoki ikasi eta bizi” leloa hautatu du AEKk aurtengo ikasturteari begira. Ikasleek eta irakasleek baldintza onetan lan egiteko, urtez urte eskaera gehiago errezibitzen duen egiturak podere publikoei haien laguntza egokitzea galdegiten die.

Bere arrakastaren gorakadaren aitzinean, AEKk jasotzen duen diru laguntzaren emendatzea nahi du
AEKk "Goxoki ikasi eta bizi" lelopean bere sartzea egin du aste honetan. AEK
Xarlot Etxeberri
2025/09/04 08:10

“Euskara goxoki ikasi eta bizi” AEKko gaueskolek lelo horrekin egiten dute haien sartzea 2025-2026 ikasturtearendako. Aurten bi helburu nagusi baditu helduei kurtsoak proposatzen dizkien egiturak. Alde batetik, sofoaren irudia hautatu dute ikur gisa, ikasleek eta irakasleek baldintza onetan lan egin dezaten, kurtsoak eraginkor bezain goxo izan daitezen. Beste aldetik, kurtsoetatik kanpo euskaraz biziko diren euskaldunak sortu nahi ditu AEKk, Euskal Herria euskalduntzeko asmotan.

Gaueskola izena atxikitzen baldin badu AEKk, gaur egun, haien eskaintza gaueko kurtsoetara baino anitzez haratago abian da. Gauetan egiten den bezala, kurtsoak egunean zehar antolatzen ahal dira ikasleen ordutegiaren arabera. Horrez gain, XEDE programa antolatua da enpresetan, langileek euskara ikasteko parada ukan dezaten. Erritmo azkarrago batekin, 6H formakuntza intentsiboa proposatzen dute. Sei hilabetez ikasleek euskara kurtsoak segitzen dituzte, egun guziz, goizetik arratsaldera. Azkenik, ikastaldiak eskuragarriak dira eskualde guztietan.

Arlo guzi horietan, arrakasta handitzen ikusten segitzen dute urtez urte. Iaz, aste guziz, 1400 ikaslek gaueskolako atea pusatzen zuten Iparraldean. Ikastaroak eta formakuntza intentsiboak, haiek ere bai, gelak betetzen zituzten. Duela gutti IFOPek argitaratu duen bezala, Euskal Herriko biztanleek axikimendu handia erakusten dute euskararekiko. Hori dela eta, Bixente Claverie AEKko zuzendaritzako kidearen arabera, AEKk oraino geroz eta ikasle gehiago errezibitu beharko du hurrengo urteetan. Aldiz, haien errezibitzeko, finantzatzearen erronka galdezkatu beharko dela azpimarratzen du Claveriek.

Gorakada horren aitzinean, AEKk errezibitzen dituen diru laguntzen emendatzea itxoiten du. Gaur egun, finantzamenduak A2 mailatik goiti eskuratzen ahal dira, formakuntzarako kondu profesionala edo CPFa erabiltzean adibidez. Haatik, maila apalagoetan, diru laguntzarik ez da eta kurtsoen kosta oztopo bat bilakatzen ahal da. Momentukotz euskalgintzako egiturek eskatzen duten doakotasuna ezinezkoa baldin bada, norabide hortan lan egiten segituko dutela nabarmentzen du Bixente Claveriek, Euskal Herriko biztanle guztiek euskara ikasteko posibilitatea ukan dezaten.

Zailtasun horiei aurre egiteko, besteak beste, 2026ko Korrika jadanik antolatzen ari dira AEKko ekipak. Heldu den martxoan, Iparraldetik abiatuko da aurtengo Korrika, eta usaian bezala, Euskal Herria trabeskatuko du Bilbon bukatzeko.

Urriaren 6an hasiko dira gaueskolak, 32 asterendako. Izen emaiteak jadanik idekiak dira gaueskola guztietan. Informazioak www.aek.eus webgunean.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu