Miarritze (Lapurdi)

'Biarritz Berri' ezkerreko zerrenda irekia aurkeztuko da martxoko hauteskundeetara

Momentuz, Lapurdiko hirian hauteskundeetarako hautagaitza baieztatu duen zazpigarren zerrenda da. "Miarritzeko lehen zerrenda herritarra eta parte hartzailea" dela diote zerrendako kideek.

'Biarritz Berri' ezkerreko zerrenda irekia aurkeztuko da martxoko hauteskundeetara
Biarritz Berri hautagaitzako hainbat kide, aurkezpenean. BIARRITZ BERRI
Ihintza Arrieta
2025/12/23 07:37

Ez dira baitezpada abertzale bezala aurkezten, baina ezkerreko zerrenda ireki bezala. Biarritz Berri izena daramate eta Ana Ezcurra ekologista izanen da zerrendaburu. 39 urteko miarriztarra, abokatua da. 2020an jadanik Brice Morinekin aurkeztu zen, Euskal Herria Vert et Solidaire zerrendan, baita departamenduko hauteskundeetan ere urte bat berantago.


Beñat Jaureguy zerrenda kidearekin hitz egin dugu eta programako puntu nagusiak galdetu dizkiogu: oinarrizko aldarrikapena etxebizitza eskubidea izanen da. Gaur egun Miarritzen bizitzea oso zaila dela azaldu du, eta pertsonentzat irisgarriago bihurtu nahi dutela adierazi digu. Herri bizia eta inklusiboa nahi dute, urte osoan bizitzen ahal dena eta auzo guztietan. Biarritz Berri taldeak garrantzia berezia eman nahi dio ere demokrazia parte hartzaileari. Honela, ekologia, elkartasuna, aniztasuna eta transmisioa izanen dira haien lan ardatzak.


Zerrendako lehen hamar izenak hauek dira:

Ana Ezcurra

Beñat Jaureguy

Aude Chabrier

Nicolas Dussere

Volcy Boilevin

Thérèse Contraires-Le Toquin

Selim Youssry

Terexa Michelena

Eric Bonnamy


Herritarren parte hartzea lehenesten dute eta horretarako, lan egun bat antolatzen dute 2026ko urtarrilaren 10ean. Informazio guztia atzemanen duzue Biarritz Berri-ren sare sozialetan.


Momentuz dakigunaren arabera, zazpi zerrenda aurkeztuko lirateke Miarritzen. Eskuin muturretik zentro eskuinera, Michel Fournier, Maider Arosteguy, Richard Tardits, Jean-Baptiste Dussaussois, Serge Blanco, eta Guillaume Barucq. Eta ezkerrean beraz bigarren emaztea, Ana Ezcurra.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu