Bigarren listarik ez da orain arte agertu Errobi-Aturriko sei herritan herriko bozen karietara

Ahurti, Urketa eta Milafrangako auzapezak aurkeztuko dira. Hiriburun, Alain Iriart auzapezak ez du oraindik bere hautagaitza ofizialki aurkeztu. Mugerre eta Lehuntzek auzapez berria izanen dute. Ez da beste listarik agertzen oraindik herri horietan.

Bigarren listarik ez da orain arte agertu Errobi-Aturriko sei herritan herriko bozen karietara
Alain Iriart auzapezak ez du ofizialki jakinarazi Hiriburuko herriko etxeko buru segitu nahi lukeenez
Kriztof Arotzarena
2025/12/24 07:38

Aldaketarik ez da ageri Hiriburun


2001etik auzapez da Alain Iriart EH BAIko kidea. Itxura guzien arabera laster jakinarazi behar luke bosgarren kargualdi baten eramateko prest litzatekeela.


Mugerren, Roland Hirigoien ez da auzapez izanen bainan aurkeztuko da


2001etik auzapez da Mugerren Roland Hirigoien ere. Baina ez da zerrendaburu izanen. Hala ere Fabienne Hirigoien bere auzapezordeak zuzendu listaren hautagai izanen da Roland Hirigoien trantsizioa bermatzeko, azaldu duen bezala.


Lehuntzen, David Hugla kontseilutik aterako da osagarriak beharturik


David Hugla Lehuntzeko auzapez da 2020az geroz. Pierre Guillemotoniaren segida hartu zuen baina ez dela berriz aurkeztuko aitortu digu 2023an pairatu bihotzeko arazoengatik. Martine Péré lehen auzapezordeak du lekukoa hartuko gehiengoaren lista gidatzeko.


Urketa, Milafranga eta Ahurtiko auzapezak berriz aurkeztuko dira


2020tik auzapez diren Ahurtiko Nathalie Martial-Etxegorri, Milafrangako Marc Saint-Esteven eta Urketako Raymond Darricarrère segitzeko prest agertzen dira.


Lista bakarra agertzen da mementoan herri bakoitzean


Ez da beste zerrendarik agertzen Errobi-Aturriko herrietan mementoko. Azpimarratu behar da RN alderdiak emaitza onak erdietsi zituela eremu horretan aitzineko hauteskundeen karietara, izan Frantziako lehendakaritzarako, departamendurako edo legebiltzarrerako bozen karietara. Baina eskuin muturrak ez du deus jakinarazi orain arte.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu