12:30ak aldean iritsiko da Bilboko Herriko Etxera, eta bertan jakinen da nork idatzi duen lekukoan ibili den mezua. Goizeko 8:00tatik 13:00ak arte emankizun berezia hedatuko dugu, Naiz Irratiaren eta Bilbo Hiria irratiaren eskutik.
Martxoaren 19an, 16:00ak jotzeko zirela egin zituen lehen pausoak Atharratzeko plazan 24. Korrikak, lekukoa Euskal Irratietako Xarlot Etxeberri eta Ximun Karreren eskuetan zela. Azken metroak Bilboko Herriko Etxe aitzinean eginen ditu, lekukoa AEKko kideek eta haren barruko mezuaren idazleak eramanen dutelarik. "Sorpresa" iragarri zuen, bidenabar, mezu horri dagokionez Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak, Euskal Irratien emankizun berezian, Atharratzeko abiatzean.
Euskal Irratiek hurbileko jarraipena egin diogu, edizio orotan bezala, aurtengo Korrikari ere. Artikulu honetan entzungai da Iulen Guiresse lankideak egindako azken kronika. Jarraipen berezi hori borobiltzeko parada izanen dugu igandean ere, Bilbo Hiria irratiak eta Naiz Irratiak eginen duten emankizun bereziarekin. Goizeko 8:00tan hasirik, Korrika Bilbo sartu berritan, eta 13:00etan ekitaldia bukatu arte zuzenean ariko dira Bilbotik. Emankizuna Euskal Irratien antenetan entzuteko aukera izanen da.