'Bihar ere laborari', Lurramaren 20. edizioan

Lurramak bere 20. edizioa ospatuko du aurten “Bihar ere laborari” lelopean, laborantzaren geroa eta gazteen lekukoa ardatz hartuta, Miarritzeko Iraty aretoan azaroaren 7tik 9ra.

'Bihar ere laborari', Lurramaren 20. edizioan
Lurrama laborantza saloiak bere 20. edizioa ospatuko du aurten, azaroaren 7tik 9ra Miarritzeko Iraty aretoan. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/10/29 18:00

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak antolatzen duen Lurrama laborantza saloiak bere 20. edizioa ospatuko du aurten, azaroaren 7tik 9ra Miarritzeko Iraty aretoan. “Bihar ere laborari” lelopean, ekitaldiak tokiko laborantza herrikoia eta iraunkorra sustatuko du, gazteen parte-hartzea eta belaunaldien arteko transmisioa azpimarratuz. Lurramak defendatzen duen eredua etxalde txikietan eta naturarekiko harreman zuzenean oinarritzen da, makineria eta kimika intentsiboa baztertuz, eta aldi berean ingurunea, paisaia eta komunitate bizia mantenduz.

Gazteak, etorkizunaren giltza

Lurramako antolatzaileek gogorarazi dute azken urteotan etxalde asko desagertu direla: 2010etik 2020ra Ipar Euskal Herriko etxaldeen %15 galdu dira, eta laborarien batez besteko adina gero eta handiagoa da. Egoera horren aurrean, aurtengo edizioak belaunaldien arteko transmisioari eta gazteen instalazioari emanen dio garrantzia.
Lurramako gozama den Elena Aguerrek azpimarratu du gazteak trebatzeko eta lekukoa transmititzeko tresna berriak garatu behar direla, “biharko laborantzak bizirik iraun dezan”. Aguerrek, gainera, jendarte osoaren inplikazioa eskatu du laborarien etorkizuna bermatzeko eta tokiko ekoizpen iraunkorra babesteko.

Osasun arazoen ondorioz, zalantzan ganadua

Aurten, behi tuberkulosia eta Dermatosi nodular kutsakor kasuak ugaritu direnez, ez dago oraindik baieztatuta kabalak Lurraman presente izango diren ala ez. Antolatzaileetako bat den Délia Delannek azaldu du erabakia “datozen egunetan” hartuko dutela, eta egoeraren berri emanen dutela berehala.
Xehetasun guztiak eta egitaraua ikusgai dira lurrama.org webgunean.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu