Biziko kideek Arrangoitze legez-kanpo dela erakusteko, Herriko Etxearen berinak estali dituzte ingurumena eta ekologia arloetan informazioa ez argitaratzeagatik. Herriko Etxeak bere egoera erregularizatzeko bidean dela adierazi du.
Astearte honetan, Biziko kideek Arrangoitzeko Herriko Etxeko berinak estali ditu erakusteko ez dituztela legeak behartzen dituzten ingurumenari eta ekologiari loturiko informazioak ematen. Bizik Herriko Etxearen eraikina sinbolikoki ilunpean ematea erabaki du Arrangoitzeren jarrera iluna salatzeko. Militanteek galdegin diete hautetsiei: "Arrangoitzek zer du gordetzeko?".
Jakin behar da Frantziako legeak 3.500 biztanle baino gehiagoko herriak behartzen dituela zenbait informazio argitaratzea aldaketa klimatikoari begira egiten dituzten urratsen berri emateko.
Maitena Curutchet, herriko etxeko bigarren axuantak erantzun die, Herriko Etxeak ez duela deus gordetzeko, joan den agorriletik herriak 3.500 biztanle baino gehiago dituela eta Frantziako administrazioarekin desmartxa egin duela behar diren informazioak emateko. Gainera, azpimarratu ditu Arrangoitzeko herriak egiten dituen indarrak ekologia mailan: bizikleta bideak egin dituzte eta indar handia ematen dute birziklapenean adibidez.
Bizik aurkeztutako Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren egoeraren ituna herriei proposatzerakoan, hiru txosten igorri ditu Arrangoitzeko herriari. Azkenean, Xabier Harlouchet Biziko kideak azpimarratu du 3.500 biztanle baino gehiagoko herrietarik bakarra dela lurraldean eman behar diren informazioak ez argitaratzea eta ez dutela sekulan erantzun igorritako txostenei.
Maitena Curutchet Arrangoitzeko axuantak erantzun du Bizik legeak inposatzen dituen informazio gehiago galdegin dituela eta horrendako Frantziako administrazioari galdegin dutela zein informazio eman behar duten. Hautetsiak gehitu du hemendik 15 egunetara Bizik informazio guztiak errezibituko dituela, jakinez jadanik informazio asko agertzen direla Herriko Etxearen aldizkarian.