CGTko kideak, poliziaren bortizkeria jasan zuen manifestaria, haren abokatua eta lekukoak bildu dira gaur. Poliziaren jokabidea «neurrigabea» izan zela eta manifestarien segurtasuna ez dela bermatu salatu dute.
Urriaren 24ko manifestaldian izandako gertakariei buruz hitz egiteko bildu dira gaur CGTko ordezkariak, poliziaren esku-hartzea jasan zuen manifestaria, haren abokatua eta lekukoak. Poliziaren eta estatuaren jarrera salatu dute, eta Pierre gaztearen kasua azaldu, «arazo sistemiko baten erakusgarri». Urriaren 24an atxilotu zuen poliziak: Lurrera bota, jo eta arrastaka eraman zuten. Hainbat zauri izan ditu, tartean lepauztaiko lesio larria. Hamar egunez lan egiteko ezintasuna du orain, eta hamabi saio psikologiko mediku agindua, jasandako traumatismoaren ondorioz.
«Orain leherketak entzuten ditudanean, beldur naiz. Egunero pentsatzen dut horretan, eta ez dut lorik egiten»
Lekukotasunak
Pierrek bere lekukotasuna eman du: Atxiloaldian ez zituzten haren oinarrizko eskubideak errespetatu, eta medikua eta abokatua eskatu baldin bazuen, hainbat orduz itxaron behar izan duela haien arreta jasotzeko. Ospitalera eraman dutenean ere, behin eta berriz eskuburdinak jarri zizkiotela azaldu du, ospitalean ziren pertsona guztien aitzinean. Hogei ordutik gorako atxiloaldiaren ondoren, kargurik gabe askatu dute azkenean. Haren arabera, polizia batek esan dio «zeharkako kaltea» izan zela.
Beste lekukoek ere poliziaren esku-hartzea bortitza izan zela nabarmendu dute. Kevin izeneko manifestariak Pierren atxiloketaren lekuko izan dela azaldu du, azpimarratuz Pierren jarrera baketsua. Paulinek, gertakariek eragin dioten beldurra aipatu du: «Orain leherketak entzuten ditudanean, beldur naiz. Egunero pentsatzen dut horretan, eta ez dut lorik egiten».
Prefekturarekiko harremana hautsita dago
CGTren arabera, manifestazioa egiteko baimen-eskaera aurkeztu zuten, baina ez zuten ez prefekturaren ez suprefekturaren erantzunik jaso urriaren 24rako. Julien Delion, GCTko kideak salatu du poliziaren esku-hartzeak egoera okertu zuela. Negar-gasa neurriz kanpo erabili zutela adierazi dute. Izan ere, haurrei, adinekoei eta manifestazioan parte hartzen ez zuten herritarrei ere eragin zien, manifestazioa bukatu baino lehen. Lekukoen arabera, gasa inguruko etxebizitza eta dendetara ere sartu zen, nahasmendua sortuz hortik pasatzen ziren pertsona guztientzat.
Lekukotasunak, arazo sistemiko baten erakusgarri
Sindikatuaren ustez, urriaren 24ko gertakariak poliziaren eginmoldea gogortzen ari denaren adibide dira. Patricia Glory CGTko idazkari nagusiaren arabera, errepresioaren helburua gazteen mobilizazioak isilaraztea da.
Poliziak gazteari gauzak jaurti izana leporatu dio. Aldiz, bideoek salaketa hori gezurtatzen dute. Horregatik, Pierrek salaketa jarri du identifikatu gabeko agenteen aurka, nahiz eta poliziaren aurpegietaz oroitzen den. Anne-Marie Mendibourek, Pierren abokatuak ere atxiloketen erabilera gero eta sistematikoagoa dela salatu du, manifestatzeko eskubidea arriskuan jartzen duelakoan.
Biharko mobilizazioari begira, CGTk oraindik ez du prefekturaren erantzunik jaso. Hala ere, sindikatuko kideek, biktimak eta lekukoek aho batez adierazi dute bihar berriz joango direla manifestaziora. Paulinek esan duenez: «Beldurra sortu nahi dute, eta lortu dute, baina horregatik itzuliko naiz».