Prefetarekin elekatu ondoren hartu dute deliberoa. Txertaketaren inguruan urrats batzuk izan direla diote, baina idatziz nahi dituzte ukan prefetarekin negoziatu dutena. Ez dira mintzatu auzi mehatxuez, baina ez dira kezkatuak.
Beskoitzeko kartingeko aparkalekua hustuko da gaur arratsaldetik goiti. Abenduaren 26 honetan, Coordination Rurale sindikatuak Beskoitzeko A64 autobidearen blokatzea utziko du. Horrek ez du erran nahi berehala irekiko denik autobidea ibilgailuentzat, garbiketa lanak luzatuko baitira.
Eguerditan ofizialki uzteko erabakia hartu dute, sindikatuko ordezkariek. Abenduaren 12an hasi ziren mobilizatzen, Dermatosi Nodular Kutsakorra behien eritasunaren kontrako protokoloaren salatzeko. Zerbitzu sanitarioek beste departamenduetan egin dituzten tropa oso batzuen hilketa ez dituzte onartzen laborariek. Bi asteko mobilizazioaren ondotik, hilketa orokorrak ez ditu protokolotik kendu gobernuak. Bilkura franko izan dira, eta ostiral goiz honetan, prefetarekin bilkura ukan dute CRekoek. Berriz ere dispositibo horren kentzea galdeginen dute.
Hilketa orokorren gaiaz prefetak ez die deusik segurtatu, alta, urtarrilaren hogeirako behien %75 txertatua bada, hilketa masiborik ez dela eginen segurtatu die. Bestalde, kasuren bat agertzen bada etxalde batean, eta hiru kilometroko zonalde batean auzoren batek behiak txertatuak balitu, soilik, eri den behia hilko dutela erran die prefetak CRko laborariei. Hauek, beren aldetik, hitz horiek idatzirik ikusi nahi dituzte, eta ez soilik elez. (Entzun Jean Bernard Minondo Coordination Rural sindikatuko kideari egin diogun elkarrizketa).
Nahiz eta ez duten helburu nagusia bete, blokatzea bertan behera utziko dute. Akidura eta hotza sendi dira urte hondar honetan. ELB sindikatuak jadanik pausa baten hartzeko erabakia hartu zuen duela zonbait egun.
Anartean, txertatze kanpainak segitzen du aitzina, eta prefeturaren arabera departamenduko behien herena txertatua izan da.