Gaur egun, Dermatosi Nodular Kutsakorraren kontrako immunitate kolektiboa erdietsia izan da departamenduan. Baina azken hilabeteetan fresak biderkatu direla laborariendako diote FDSEAk eta JAk. Gobernuaren laguntza galdegiten dute.
Dermatosi Nodular Kutsakorraren kontrako protokoloak ondorio ekonomiko azkarrak ditu etxaldeetan. Ondorio horiek zoin diren jakinarazi nahi izan dute FDSEA eta JA sindikatuek, baita horier buru egiteko gobernuaren sustengua galdegin ere.
Immunitatea bai, baina ze preziotan?
Eritasunaren kontrako immunitate kolektiboa erdietsia izan da departamenduan. Erran nahi du tropen %95a txertatuak izan direla, eta horretaz kontent agertu dira FDSEA eta JA sindikatuak.
Baina kalkuluak eginak dituzte bestalde, eta Dermatosi Nodular Kutsakorraren protokoloek bi milioi sei ehun mila euro kostatu dute departamendu guziko etxaldeetan. Kabalak ezin baitziren esportatu, etxaldeetan egon dira eta gostuak igan dira bazkarendako eta arta desberdinendako.
Laborariek ez düe zentima bat beren sakeletik elki behar
Gobernuaren laguntza emendatzeko beharra
Pirinio Atlantikoendako, gobernuak emanen dituen diru laguntzak milioi bat zazpi ehun mila eurokoak izanen dira. Bederatzi ehun mila euro falta direla salatzen dute FDSEAk eta JAk. Sébastien Uthurriague FDSEAko ordezkariak gure mikroan erran du: "laborariek ez düe zentima bat beren sakeletik elki behar".
Horrez gain, gobernuaren laguntza nahiko lukete etxaldeen diru kutxen osasuna mantentzeko. Interesik gabeko maileguen egiteko parada galdegiten dute, mailegu batzuen pusatzeko paradaren ukaitea edota MSAren kotizazioen pusatzea. Uste dute hilabete batzuen afera dela, ixtantean berriz esportatzen ahalko baitira kabalak.
PAC Europako diru laguntzen mantentzeko ere, FDSEAk eta JAk gobernuaren sustengua xerkatzen dute. Sindikatuak beldur dira kabalak etxaldeetan atxikiak izan baitira usaian baino gehiago, diru laguntzen kalkuluak aldatuak izaten ahal direla. Ondorioz, nahiko lukete lehengo taulak eta kalkuluak berma ditzan gobernuak.
Azkenik, immunitate kolektiboa erdietsia izan baita, orain FDSEAkoek galdegiten dute protokoloa berriz ikusia izan dadin, tropen hiltze orokorrer buruz edota kabalen karreatzeari buruz.
LIBRe kolektiboari presiopean?
Gure mikroan Sébastien Uthurriaguek onartu du FDSEAk presioa nahi izan duela ezarri departamenduan immunitate kolektiboa erdietsi izan arte. Joan den aste bukaeran, LIBRe kolektiboko kideek salatu zuten preseski sindikatuak prefetari igorria zakola gutun bat. Sébastien Uthurriaguek onartu du, preseski immunitate kolektiboa erdiestea beharrezkoa ikusten baitzuten.
Jakin otsailaren 9 honetan, gobernuak iragarri duela Akitania Berriko kabalak beharko direla berriz txertatu aurten. Sébastien Uthurriaguek ez dauku erran nola jokatuko zuten kanpaina berria abiatzean: "Hori 2026an ikusiko diagü, lehenik hau fini dezagun ahal bezain untsa, eta gero 2026koa ikusiko diagü dagün ürrietan".