2024tik diru murrizketak jasaten ditu Ohakoa haurtzaindegiak Miarritzen, nahiz eta aurrekontua orekatzea lortu duten. Murgiltze ereduan ibiltzen den lehen euskal haurtzaindegiak diru bilketa antolatu du bizirik irauteko eta proiektua garatzeko.
Ohakoa Miarritzeko haurtzaindegi euskaldunak diru bilketa kanpaina abiatu du azken denbora hauetan bere egoera ekonomikoa zaildu delako. 1997an sortua, Ohakoa Ipar Euskal Herrian murgiltze ereduan sortutako lehen euskarazko haurtzaindegia da, eta Miarritzen euskara proposatzen duen haurtzaindegi bakarra da. Elkarte moduan ibiltzen da, hamar langilerekin, eta eskaera handia izan arren, gaur egun zailtasun ekonomikoak ditu aurrera segitzeko.
2024an bi erabakik egitura zailtasunetan eman zuten: alde batetik, haurtzaindegi elkarteen hitzarmen kolektiboan egindako aldaketek lansarien emendatzea ekarri dute; bestetik, Pirinio Atlantikoetako departamenduak haurtzaindegi guziei ematen zien diru laguntza kentzea erabaki du. Ohakoarentzat, urtean, 17.000 euroko galera izan da. CAFek bere laguntza pixka bat emendatu badu ere, eta negoziaketen ondorioz, Miarritzeko herriko etxeak eraikina dohainik uzten badie 2027 arte, jakinez 27.000 euro pagatzen zutela lehenago, aurrekontua justu-justu orekatzen dute gurasoek antolatzen dituzten salmentekin batera.
Elkarte bat izanik, gurasoek funtsezko lekua dute Ohakoaren funzionamenduan. Ondorioz, Ohakoak euskarazko harrera eskaintzen segitzeko eta proiektuen garatzeko diru bilketa kanpaina plantan eman dute sarean.