Lurzaindiari eta COLi eman dizkiete Etxaluz anai-arrebek Auzteia familia etxaldeko baserria eta lurrak. Sei etxebizitza sozial egin nahi ditu COLek, eta Lurzaindiak lurrak eskuragarri eginen ditu.
Jean Pierre eta Christiane Etxaluz anai-arrebek Lurzaindia eta COL Etxebizitzaren Langile Batzordea egiturari Domintxineko Auzteia izeneko etxaldea eskaini diete. Etxalde hori hutsik egon da azken 30 urteetan, eta orain, laborariendako etxebizitza sozialak egiteko proiektua abian jarri da.
Lurzaindiak 9 hektareako lurrak bere gain hartu ditu, eta COL egiturak, berriz, etxebizitzaren ardura hartu du. Guztira, T2, T3 eta T4 heineko sei etxebizitza egin nahi dituzte, inguruko laborarien aterpetzeko, alokairu apal batekin. Gainera, 9 lur hektareetan parte bat oihana da, eta beste lurrak jadanik 2 laborariren ardurapean dira. Horiek lehentasuna izango dute Auzteaiako etxebizitzetan bizitzeko.
Proiektu honek 500.000 edo 600.000 euroko aurrekontua du, eta Euskal Hirigune Elkargo, departamentu eta estatuaren bidez finantzatzea espero dute, COLeko buru Imed Robannak azaldu duenez. Lanak 2028an bukatzea aurreikusten da.
Dominique Amestoy Lurzaindiako kideak azaldu duenez, lurrak hartuko zituztela argi zuten eskaintza jaso zutenean, baina bizitegiak zekarren lanarekin "lotsatu" ziren. Haatik, Lurzaindiak aspaldian COL egiturarekin lankidetza abiatzeko "amets txikia" zuela erran du Amestoyk, eta Domintxineko proiektuak abiarazi du bide hori azkenean.