Donibane Lohizune (Lapurdi)

Hauteskundeak: Donibanen Bizi aurkeztu da Donibane Lohizunen, etxebizitza duelarik ardatz nagusi

Donibanen Bizi izenarekin aurkeztu da Herri Berri ohia, ezkerreko profilak batuz, Pascal Lafitte buru izanki.
Etxebizitza politika, bereziki bigarren etxebizitzak, izango dute ardatz nagusi.

Hauteskundeak: Donibanen Bizi aurkeztu da Donibane Lohizunen, etxebizitza duelarik ardatz nagusi
Abertzaleak, sozialistak, komunistak eta ekologistak biltzeko xedea du talde berriak, baina "alderdietatik aske". EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/01/23 14:39

Orain arte Herri Berri izenarekin ezaguna zen taldea beste izen batekin ariko da oraingo hauteskundeetan: Donibanen Bizi, Pascal Lafitte abertzale eta eskola-zuzendari ohia zerrendaburu dutela.

Taldeak azaldu du izen-aldaketa %60an berritua den taldearekin batera datorrela. Zerrenda irekia dela nabarmendu dute, balore aurrerakoi, ekologista eta ezker abertzalekoetan oinarritua, eta interesa duten guztiei parte hartzeko deia egin diete.
Haien burua eskuinen alternatiba gisa aurkezten dute, "alderdietatik aske", nahiz eta jatorri ezberdinetako jendea bildu: abertzaleak, sozialistak, komunistak eta ekologista alderdietako kideak, besteak beste.

Oraindik programa zehaztua aurkeztu ez badute ere, argi utzi dute etxebizitza izanen dela haien ardatz nagusia. Bereziki, bigarren etxebizitzen arazoa jarri dute mahai gainean. Donibane-Lohitzunen bigarren etxebizitzen tasa %45ekoa dela gogorarazi du Pascal Laffite Donibanen Bizi-ko zerrendaburuak. Egoera “jasanezina” taldearentzat.

Momentuz, beraz, 3 zerrenda dira lehian Donibane Lohizunen: Donibanen Bizi ezkertiarrak, Jean-François Irigoyen oraingo auzapeza eta Manuel De Lara zentrista.

Interesgarri izanen zaizu