(Ipar EH)

Ducassou eta Etxeberri berezkoen arteko Frantziako Txapelketaren finala zuzenean igande honetan

Zortzigarren txapelaren janzteko aukera du Ducassou itsasuarrak igande honetan Hazparnen. Baina Etxeberriri gaina hartu beharko dio horren erdiesteko. Banakako lehen finala jokatuko du bastidarrak, binakako txapelketa duela bi urte eraman ondotik.

Ducassou eta Etxeberri berezkoen arteko Frantziako Txapelketaren finala zuzenean igande honetan
Ducassou eta Etxeberri A mailako finalistak erdian daude Gurrutxaga eta Ugarte B mailako finalistek inguraturik. EUSKAL IRRATIEK
Kriztof Arotzarena
2026/02/27 17:15

Battitta Ducassou faborito garbia da A mailako finala kari


Peio Larralde iazko Frantziako txapelduna garaitu zuen finalerdietan iragan astelehenean Donibane Garazin. Berak duen errekorraren haustera saiatuko da itsasuarra. Zazpi titulu badauzka jadanik banakako txapelketari dagokionez beraz zortzigarrenaren eskuratzera kantxaratuko da igandean Hazparnen.

Pierre Etxeberri baieztatzen ari da berezkoen mailako pilotari sendoa bilakatu dela. 2024an irabazi zuen bere lehen titulu nagusia Luis Sanchezekin binakako txapelketaren karietara. Fisikoki prest izan beharko du Ducassouren indarrari buru egiteko xedez.

Finala zuzenean emanen dugu Euskal Irratietan igandean 11 orenetarik goiti.


Final orekatuago baten mentura B mailan astelehenean


Inhar Ugarte lehiatuko da bere bigarren txapelaren janzteko. 2023an eraman zuen B mailako finala. Ez du finalerdirik jokatu Gixandutek opor egin ondotik.

Parean Ipar Euskal Herriko eta Frantziako txapelketak eraman zituen 2025ean Betti Gurrutxagak amateurren lehen mailan. Eta iazko uztailean berezkoetara pasatu zen. Aurten erakusten ari da banakako probako pilotari berezitua dela.


Interesgarri izanen zaizu