Donibane Lohizune (Lapurdi)

Jendea batu da eskuin muturraren aurka Donibane Lohitzunen

EHBai-k jendea bildu du Donibane Lohitzunen, eskuin muturraren gorakada salatzeko eta alderdi guztiei haiekin inolako aliantzarik ez egiteko eskatzeko. Koalizioak «harresia» eraikitzearen beharra nabarmendu du.

Jendea batu da eskuin muturraren aurka Donibane Lohitzunen
EHBai-k ehun pertsona baino gehiago bildu ditu Donibane Lohitzunen. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/11/14 20:26

EHBai-k Donibane Lohitzunen antolatutako mobilizazioak jendea bildu du. eskuin muturraren presentziaren hazkundea salatzeko. Koalizioak ohartarazi du RN eta Reconquête alderdiak hainbat sektoretan eta datozen herriko hauteskundeetako zerrendetan indarra hartzen saiatzen ari direla. Horren aurrean, EHBai-k Ipar Euskal Herriko alderdi, zerrenda eta hautagaiei arduraz jokatzeko eskatu die, eta eskuin muturrarekin inolako aliantzarik ez egiteko, lurraldearen eta gizartearen etorkizuna interes partidisten gainetik dagoelako.

Mathilde Harry bozeramaileak azaldu du mobilizazioa beharrezkoa dela eta ez dutela baztertzen bestelako alderdiekin elkarlana, beti ere eskuin muturraren aurkako jarrera argia mantenduz. EHBai-k, gainera, azpimarratu du «harresia» eraiki behar dela hauteskundeetatik harago, eta gogora ekarri ditu azken urteetako bake prozesua, elkarbizitza, euskara, etxebizitza soziala eta klimaren aldeko borrokak, Ipar Euskal Herriko balio partekatuen adibide gisa.

Interesgarri izanen zaizu