EHBaik balorazio positiboa egin du herriko bozen bigarren itzuliari buruz, nahiz eta zenbait herritan galdu. Orain, Euskal Hirigune Elkargoaren osaketari begira jarriko da EH Bai.
Igande honetan izan da herriko bozen bigarren itzulia Ipar Euskal Herriko 11 herritan, eta emaitzen ondotik EHBaik bere balorazioa egin du astelehen honetan. Alderdiak azpimarratu du ezkerreko abertzaletasunak aitzinamendu nabarmena izan duela, bai emaitzetan bai lurraldean duen sustenguan. Datu orokorrei begira, 2020an 15 auzapez abertzale ziren, eta 2026an 24 izango dira. EHBaiko arduradunen ustez, hazkunde horrek erakusten du proiektu abertzale, feminista eta ekologistak gero eta babes handiagoa duela herritarren artean.
Hala ere, emaitzen artean ez dira denak albiste onak izan. Urruñan herriko etxea galdu dute, nahiz eta azken urteetan egindako lana positibotzat jo duten. Gainera, kezka agertu dute Baionan eskuin muturrak lortutako emaitzengatik. Bestalde, Bokalen garaipena nabarmendu dute, eta Biarritzen ere emaitza onak lortu direla azpimarratu. Oro har, Baiona, Angelu, Biarritz eta Bokalen ezkerreko hautetsi abertzaleak egongo direla aipatu dute, eta hori aitzinamendu garrantzitsutzat jo dute.
Aurrera begira, erronka nagusia Euskal Hirigune Elkargoaren osaketa izango dela adierazi du EHBaik. Helburua, haien hitzetan, estatus politikoan urratsak egitea eta lurralde proiektua sendotzea da.