Azken bi urteetan ezeztatua izan bada euriaren ondorioz, berriz heldu da Xaltaian Best Ziburura, betiko izpirituarekin: besta giroko hitzordua, denei irekia, musika aniztasuna, lagun artekotasuna eta ezagutza ohoretan ezartzen dituena.
Xaltaian Best berriz eginen da asteburu honetan, ekainaren 12tik 13ra, Ziburun, Koxe Arbiza plazan eta pilota plazan. "Xaltaian" hitza ezagutzen ez dutenentzat, ziburutarrek azaldu dute sardinek ur gainera hurbiltzean sortzen duten distira dela xaltaian. Festibala urririk izanen da, eta herriko plazako ostatu ezberdinekin elkarlanean antolatua da, baina ez haiekin bakarrik: eskolek ere txosnak izanen dituzte, janaria saltzeko. Leire Larrasak, Ziburuko lehen axuantak, azaldu duen bezala: «Besta horren helburua ziburutarren arteko harremanak garatzea ere bada».
Bi gaualdi osagarriren inguruan antolatu dute besta. Eszenak jarriko dituzte Zokoko Koxe Arbiza plazan eta pilota plazan.
Ekainaren 12an, ostirala, Zokoko Koxe Arbiza plazak bidaia eta musika-nahasketaren lelopean antolaturiko gaualdia aterpetuko du. TikTara taldeak birmoldaturiko Latinoamerikako soinuen eta Gaitistaneko Orkestraren mundu bereziaren artean, publikoa mugarik gabeko musika-paisaietan gaindi ibiliko da, besta giro goxo batean.
Ekainaren 13an, larunbata, pilota plaza berotuko da egitarau elektrikoarekin. Lie Detectors taldearen rockak, Niña Coyote eta Chico Tornado bikotearen indarrak eta Xiberoots taldearen reggae dardara engaiatuek gaualdi kementsua eskainiko digute. Urririk eta denei irekia den jaialdia Urririk eta denei irekia, Xaltaian Best topaketa eta ezagutza artistikoa sustatzen dituen uda hastapeneko kultura-hitzordu nagusi gisa agertzen da berriz ere.
