Ekonomiaren bilana hala-holakoa egiten du Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganbarak

Sektore batzuetan egoera mantentzen bada edo ona bada, eraikuntza bereziki zailtasunetan da. Oro har, enpresaburuek inbertsioak gibelatzen dituzte, testuinguru ekonomiko eta politiko ezegonkorrean eta hauteskundeen beha egoten dira.

Ekonomiaren bilana hala-holakoa egiten du Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganbarak
Enpresaburuen %67ak konfiantsa badute beren enpresaren iraunkortasunean baina ezegonkortasun politiko eta ekonomikoengatik enpresa anitzek itxoiten dute inbertsioen egiteko. EUSKAL IRRATIAK
Lorea Mailharrancin
2026/02/24 13:14

2025eko emaitza ekonomikoak eta 2026ko perspektibak aurkeztu ditu Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganbarak, azken barometro ekonomikoaren kari. Garapen ekonomikoari dagokionez, Frantzia mailan %0,9koa da garapena. Ipar Euskal Herrian joera bera da, baina Europa mailan batez beste hobea da hazkundea (%1,2), eta Euskadin are gehiago. Horrek erakusten du tokiko egoera ez dela txarra, baina ez dela ere bereziki dinamikoa.

Langabeziari begira, azken sei hilabeteetan goratze bat ikusi da. Frantzia mailan langabezia %7,9koa da, eta Ipar Euskal Herrian %6koa. Hori pundu bat guttiagokoa da, eta ohikoa den bezala, Akitania mailakoa baino ere beheragoa.

Sektoreka aztertuz, aeronautika ongi doa eta zerbitzuen sektoreak ere bere maila atxikitzen du. Turismoak, bere aldetik, emaitza onak ematen segitzen du. Industrian, egoera ez da txarra baina ez da ere oso baikorra. Aldiz, eraikuntzaren sektorea egoera zailean da: interes tasak oraindik altuak dira, kredituak kario segitzen dute, eta herriek ez dute inbertsio handirik egiten. Horrek zuzenean eragiten dio etxebizitzaren gaiari ere, eskaintza eskasa baita eta proiektu berriak gutti baitira. André Garreta Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganbarako presidentearen iritziz etxebizitza sozial gehiago sortu behar dira eta indarrak ere egin inbertsio pribatuen bultzatzeko.

Oro har, argitasun eskasa dela eta, enpresaburu anitzek inbertsioak gibelatzen dituzte. Enpresaburuen %67ak konfiantsa badute beren enpresaren iraunkortasunean, aldiz soilik %19ak konfiantsa dute Frantziaren ekonomiaren etorkizunean eta %24ak munduko ekonomiaren geroan. Ezegonkortasun politikoak eta ekonomikoak beldurra sortzen dute, eta enpresa anitzek itxoiten dute inbertsioen egiteko.

Enpresa asko hurrengo hauteskundeen beha egoiten dira. Merkataritza eta Industria Ganbarak iragarri du gutun bat igorriko diela Ipar Euskal Herriko hautagai guziei, ekonomia eta enpresen beharrak kontuan har ditzaten. Horren harira, Pantxoa Bimboire Haritschelar Merkataritza eta Industria Ganbarako presidentearen kontseilariak azpimarratu du: "Behar da, batez ere, sosa eskuratu xahutzeko", oroitaraziz hautetsiei ekonomia lurraldearen bihotza dela.

Interesgarri izanen zaizu