Aroa: Asteazkenean eskolako autobus zerbitzurik ez da izanen Ipar Euskal Herriko barnealdean

Txik Txak autobus zerbitzu erregularrean ere arazo handiak izanen dira asteazkenean. Ikastetxe gehienak hetsiak izanen dira barnealdean. Elurteak eta izotzak eragin dituzten trafiko istripuei erantzuteko "plan xuria" aktibatu du Baionako ospitaleak.

Aroa: Asteazkenean eskolako autobus zerbitzurik ez da izanen Ipar Euskal Herriko barnealdean
Bidea eta soroak elortuak, Behorlegin. IRULEGIKO IRRATIA
Aimar Lopez Erasun
2026/01/06 08:37

Eskolako autobus zerbitzurik ez da izanen asteazken honetan Ipar Euskal Herriko barnealdean, aro txarragatik, eta izotzagatik. Kostaldean eta Lapurdi barnealdean, aldiz, autobus zerbitzuak atxikiko dira. Ohiko autobus zerbitzuetan ere arazoak izanen dira asteazkenean. Baxenafarroa eta Zuberoan izanen dira arazo gehienak hormagatik. 41, 42, 43, 60, 61, 62, 63 eta 64 lineak izanen dira kaltetuenak, baina goizean zehar abiatuko direla uste dute Txik Txak autobus zerbitzuko arduradunek.

Elurteak eta izotzak eragin dituzten trafiko istripuei erantzuteko "plan xuria" aktibatu du 10:00etan Baionako ospitaleak, gutienez arratseko 20:00ak arte. Hala, larrialdi zerbitzuko baliabide gehienak istripuetan zaurituak artatzeko bideratu dituzte, bereziki Landesetan A63 autobidean Saint-Geours-de-Maremme herrian izan den istripu larriari aurre egiteko. Bi hildako eta hamarka zauritu izan dira, bi autobus, hainbat kamioi eta ehun bat auto barnebildu dituen istripuan. Sokorriek zailtasun handiak dituzte bertara iritsi eta zaurituak ateratzeko, eta helikopteroz ari dira joan-etorrian; Baionako erietxera ekartzen ari dira zauritu gehienak.

Hala, Baionako larrialdietara hurbildu aitzin 15 zenbakira deituz SAMUarekin harremanean sartzeko agindua eman dute plan xuriaren baitan. SAMUko medikuak du erabakiko larrialdietan artatzeko modukoa den egoera, eta litekeena da bertze erietxe batzuetara bideratzea istripuekin zerikusirik ez duten eriak. Osasun zerbitzuen egoera tenkatua da gaur goizetik, hamar eguneko greba hasi baitute sektore libreko medikuek.

Eskola autobusik ez, eta ikastetxe gehienak hetsiak asteartean

Txik Txak eskola autobusik ez dabil kostaldetik harago astearte goizean, eta arratsaldera arte gutienez hala izanen da. Erabiltzaileak goizean goiz abisatu dituzte SMS bidez, elurra eta hormak bereziki Baxe Nafarroko errepide gehienak jo dituen goiz honetan. Mugerren istripu bat izan du eskola garraioko autobus batek zerbitzura hastera bidean zelarik, baina Hirigune Elkargoak jakinarazi duenez gidaria ez da zauritu eta kalteak arinak dira.

Ondorioz, barnekaldeko ikastetxe gehienak ez dira kurtsoak ematen ari gaur, baina ikasleen harrera egin dute, hala nola Kanboko Xalbador eta Baigorriko Pujo kolegioek eta Donibane Garaziko Frantsesenia lizeoak. Baionako Etxepare lizeoan kurtsoak ezeztatu dituzte, baina kostaldetik iritsitako ikasleen harrera ziurtatzen dute.

Bideen egoera zaila baina kontrolpean asteartean

Goizeko 10:30ean Euskal Irratiek errepideen mantenu teknikariengandik jakin dugunez, Ipar Euskal Herriko bide nagusi guztiak irekiak dira. Baxe Nafarroan, lau makinek bermatzen dute elurra kentzea eta gatza botatzea. Haatik, tenperatura igotzen ez denez, hormak bideetan jarraitzen du goiz erdialdean oraindik. Amikuzeko bigarren mailako bideetan zirkulazioa zaila da eta neguko tresnak behar dira autoan ibiltzeko.

Xiberoan, beranduago baina 8:00tatik goiti hasi da elurra Maule eta inguruetako errepideetan pilatzen. Basabürüan elurra lehenagotik zen bideetan eta zirkulazioa zaildua. Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren errepide zerbitzuaren webgunean ikus daiteke bideen egoera.

Istripu andana izan dira goizaldean Ipar Euskal Herriko bideetan; Itsasu eta Uztaritze artean, Kanboko Arnaga eremu inguruan kamioi bat bidetik atera da 8:00ak aldean. A64 errepidean ere istripu bat izan da gutienez, Ahurti eta Gixune artean. Momentuz baina, bideetako zerbitzuek ez dute istripu larririk jakinarazi.

Interesgarri izanen zaizu