Elurte handiak iragarri dituzte astebururako, eta ahalaz errepidea saihesteko aholkatu dute

1.400 metroko altueratik goiti elurte indartsuak iragarriak direnez, bideetako zaintza indartu dute Pirinio Atlantikoetako departamenduaren arta zerbitzuek. Portu batzuk itxiak dira jadanik.

Elurte handiak iragarri dituzte astebururako, eta ahalaz errepidea saihesteko aholkatu dute
Behorlegi da Mendiko legeak barne hartzen duen Ipar Euskal Herriko hamabi herrietako bat. IRULEGIKO IRRATIA
Aimar Lopez Erasun
2026/02/13 14:00

Ostiral goizetik Santa Grazi eta San Martiko Harriaren arteko bidea itxia da, eta eski estaziora iristeko bide ireki bakarra Arettetik da. Gainera, eski estaziora irits badaiteke, lepoaren gailurrera eta Nafarrorako bidea oso zaila da. Egoera hobea da momentuz neguan hesten ez diren Iratiko bideetan, baina asteburuan zehar zaintza biderkatzeko eta ahalaz bidea ez hartzeko deia egin du departamenduak.

2021ean onartu zen Mendiko Legea Xibero eta Baxe Nafarroko hamabi herritan aplikatzen da. Bertan, urtero, azaroaren 1etik martxoaren 31ra, lau gurpil edo gehiagoko ibilgailuek neguko lau gurpil, kateak edo elurretan ibiltzeko galtzerdiak behar dituzte. Lehen urteetan pedagogia gailendu bada, jendarmeriak 135 euroko isunak eman ditzake, eta autoari itzultzeko agindua eman.

Pirinio Atlantikoetako departamenduko bideen egoera Inforoute webgunean kontsulta daiteke momentu orotan.

Interesgarri izanen zaizu