Enpresetan inplikazio handiagoa eta pausa egun gehiago nahi dituzte barnekaldeko langileek

Xiberoa, Baxenabarre eta Hazparne lurraldeko dozena bat enpresak haien langilegoaren arranguren bilana egin dute, urte eta erdiko hausnarketen ondotik. Enpresek Odace, Indar eta Aldatu ekonomiaren garapenerako egiturak izan dituzte bidelagun.

Enpresetan inplikazio handiagoa eta pausa egun gehiago nahi dituzte barnekaldeko langileek
Mauleko Agerrian aurkeztu zuten astearte goizean "Barnekaldeko ekonomiarentzat" hausnarketa kolektiboaren bilana. EUSKAL IRRATIAK
Ximun Üthürralt
2026/05/21 08:21

Barne komunikazioa hobetu, ardurak argitu eta langileak inplikarazi: hara zer ondorio nagusi atera ziren atzo goizean Mauleko Agerrian aurkeztu zuten urte eta erdiko prozesuaren bilanetik. Barnekaldeko hamabi enpresak lan bat eraman dute, giza baliabideei loturik ziren arranguren konpontzeko. Horretan diagnostiko zehatz bat egin ondotik, Etcheverry Tresneriak enpresako buru den Mattin Etcheverryk barne mailako komunikazio beharrak eta antolaketaren gabeziak argiago agertu zaizkiola azaldu du.

Lanean haboro inplikatzeko gogoa baldin badute, langileek lanaz kanpoko biziari ere leku gehiago eman nahi diote. Hots, astean zehar oren haboro egin, pausa egun gehiagoren ukateko. Barreix enpresako Peio Bedecarrats enpresaburuak ikusi duenez, "ehun langile edo hamar izan, komunikazio beharrak badira, dena erran behar da, dena pausatu, ez baita beti dena argi". Zonbait enpresatan adibidez, 39 oren lan egiten dituzte langileek, astean 35 oren pagaturik eta hamabi egun pausa gehigarri jasoz.

Langileen eta enpresaburuen gogoen arteko adostasunek ondorio baikorrak zituztela erranik izan da parte hartzaile ororen partetik. Mattin Etcheverryren hitzetan, "geroari buruz berriz ere horrelakoak plantan ematea" baikorra bailitzake.

Interesgarri izanen zaizu