Errektorearekin bilkura "adeitsua" egin du Seaskak, baxoari buruz erantzun azkar baten beha

Matematikako baxoa aurten bertan euskaraz egitea lehentasun gisa aurkeztu du Seaskak berriz ere Bordeleko errektorearekin egin duten bilkuran. Ez dute erantzunik izan, baina hezkuntza ministerioa gogoeta orokor batean dela jakin dute.

Errektorearekin bilkura "adeitsua" egin du Seaskak, baxoari buruz erantzun azkar baten beha
Matematikako baxoa nahitaezkoa bilakatu da aurten, 2021eko baxoaren erreformaz geroztik lehen aldiz. EUSKAL IRRATIAK
Aimar Lopez Erasun
2026/04/02 14:52

Jean-Marc Huart Bordeleko akademiako errektorea Seaskarekin bildu da gaur, urtarrilean Parisen euskal parlamentariek eta EEPk harekin eta hezkuntza ministroarekin izan zuten bilkuraren jarraipen gisara. Ikastolen federazioak matematikako baxoa eta baxoko ahozko handia aurtendanik euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu du bilkuran, eta erantzun zehatzik jaso ez badute ere, Seaskako ko-lehendakari Erik Etxart ez da aho zapore garratzez mintzatu Euskal Irratietan.

Izan ere, heldu diren egunetan erantzun bat jasoko dutela jakinarazi die errektoreak, eta epe luzera begira jarri dela jakinarazi du Seaskak, epe laburreko salbuespen bidez kudeatu beharrean baxoko froga zenbait euskaraz egiteko aukera. Urtarrilean jadanik, ildo horretatik aritu ziren hezkuntza ministroa eta Huart bera. Izan ere, badirudi Hezkuntza ministeritza hizkuntza txikituei azterketetan lekua egitearen alde dela, eta bederen, horren inguruko gogoetan ari direla baieztatu dio Bordeleko errektoreak Seaskari. Ikastolen federazioak gogoeta horren parte izan nahi dutela adierazi du.

Matematikako baxoa "euskaraz egiteko prest"

2012an lortu zuen Seaskak orduko Bordeleko errektorearengandik bere ikasleek matematikako baxoa euskaraz egiteko aukera, eta hala egin zuten Etxepare lizeoko ikasleek, harik eta 2021ean Baxoko erreforma iritsi eta azterketa desagertu zen arte. Haatik, 2025eko ekainean matematikako froga baxora itzuliko zela iragarri zuen Hezkuntza ministeritzak, baina Seaskak azaldu duenez, hizkuntzari buruzko xehetasunik gabe. Hori ikusirik, ikasturte hastapenean errektoreari xehetasunak galdetu zizkion Seaskak, eta erantzunik jaso ezean 2021 artean bezala, hots, euskaraz eginen zituztela azaldu zioten.

Oraindik ere erantzunik gabe da Seaska, eta hortaz, Etxepare lizeoko ikasleak "Matematikako azterketa euskaraz pasatzeko prestatu" direla azaldu dute.

Interesgarri izanen zaizu