Euskararen aitortza ofizialak Bordeleko dei auzitegian eztabaidatu dituzte gaur, Paueko auzitegi administratiboak prefetaren debekua onartu ondoren. Heldu den aste bukaeran emanen dute erabakiaren berri.
Sarak eta Baionak bozkatu euskara sostengatzeko eta erabiltzeko erabakiak indargabetu zituen prefetak, gaia Paueko auzitegi administratibora eramanez. Prefetaren aldean jarri zen Paueko auzitegia eta dei egin zuten Baiona eta Sarako auzapezek. Baionari dagokionez, gaskoinari buruz ere erabaki berak hartu zituela azpimarratu behar da ere.
Bordeleko dei auzitegiko epaileak entzun ditu bi auzapezak, haien abokatua entzun ondotik. Ofizialki ezagutzea hizkuntza bat bere herrian, hizkuntza hori ofizialtzat ezartzea ote da?: hona zer galdera egin duen defentsa abokatuak. Esteban Barneix Sarako auzapezak euskararen presentzia eta garrantzia bere bizi-eremuan azpimarratu ditu. Jean-René Etxegarai Baionako auzapeza damutu da Frantziako estatua eta ondorioz prefetak ez baitute ordezkaririk ezarri auzitegian egun. Mespretxutzat hartzen du gertakaria Euskal Konfederazioak, jakinez prefetak dituela auzapezak auzipetu. Erabakia heldu den astearen bukaeran hartuko du epaileak.
🔴 Bordeleko dei auzitegian aztertu dute gaur Baiona eta Sarako herriko etxeek euskarari uztailean egin zioten aitortza. Prefetak auzipeturik ere, estatuaren ordezkaririk gabe egin dute epaiketa. Heldu den aste bukaeran emanen dute deliberoa. ▶️ https://t.co/rbiSSMQk0J https://t.co/yjl6uAwsXT
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) November 12, 2026