Etxalde kooperatibak etxeak merkatu espekulatibotik ateratzen ditu, erabilera-eskubidea eskainiz. Bardozen, berriki hamar apartamenduko etxea erosi du. Proiektu berriak martxan dira, eta diru bilketa abiatu dute hurrengo urratsak finantzatzeko.
Etxalde kooperatibak garatzen segitzen du, eta Baionan erositako lehen etxean elkartu dira kideak azken berriak azaltzeko. Kooperatibak etxebizitzaren prezio altuek sortzen duten oztopoa arindu nahi du, bertako jendeari hemen bizitzen segitzeko aukera emanez. Horretarako, jabetza bi zatitan banatzen du: etxearen lurra eta murruen jabetza kooperatiban gelditzen da, eta erabiltzaileek bertan bizitzeko eskubidea erosten dute kooperatibari.
Eredu horrekin belaunaldien transmisioa errazten da: hurrengo belaunaldiek %9ren truke (adibidez, 18.000 euro 200.000ko etxe batean) berrerosi dezakete etxebizitza. Eredu klasikoan askoz gehiago pagatu behar dutelarik. Beñat Etchebest Etxaldeko lehendakariak aipatu du Baionan erosi duten lehen etxebezitza adieraziz Etxalderen modelotik kanpo pasatuz, hurrengo belaunaldiek askoz gehiago pagatu behar dutela: "Gozamen horren pasarazteko anai bati, behar litzateke estatuari pagatu etxearen balioaren %45, gurekilan pasatzea izango da %9tan". Helburua da etxebizitzak ez itzultzea merkatu espekulatibora. Lehentasuna ematen zaie etxebizitzaren herrian bizi diren familiei. Etxebizitza nagusi gisa erabili behar dute eta luzarako engaiatzen dira.
Etxalde Maulen bi eraikinen jabe da, Baionan hiru etxebizitza ditu eta laugarrena eskuratuko du, Bardozen hamar apartamendu erosi ditu, eta Ezpeletan hamar apartamentuko proiektu bat bidean da. Francis Carricart Etxalderen kideak adierazi du hurrengo bi edo hiru urtetan 30 etxebizitza inguru merkatu arruntetik ateratzeko asmoa dutela.
Hori guztia gauzatzeko, 100.000 euroko diru-bilketa abiatu dute eta 100 bat kooperatiba-kide berri lortzea dute xede. Beharrezkoa zaie laguntza ekonomikoa, bai herritarrena, bai notario eta etxe-agentziena, eredua ezagutu eta zabaltzeko. Kooperatibako laguntzaileek gogorarazi dute gaur egun etxebizitza dela lurraldeko arazo ekonomiko nagusienetariko bat, eta irtenbidea dela tokiko diruaren bidez tokiko etxebizitzak babestea.