Etxaldez Etxalde ekimena antolatu du Biharko Lurraren Elkarteak apirilaren 27an, biologikoan ari diren hamar etxaldeetako bisitekin. Lan egiteko manera eta ekoizpena ezagutarazi nahi dizkiete kontsumitzaileer.
Hamazazpigarren aldikotz, Biharko Lurraren Elkarteak biologikoan ari diren etxalde batzuen bisitak antolatzen ditu: Etxaldez Etxalde ekimena da. Ideia da egun guzian lan egiteko maneren eta ekoizpen desberdinen deskubriaraztea kontsumitzaileer.
Hamar bat etxalde bisitazten ahalko dira aurten Iparraldean: Donibane Lohitzunen, Etxalarren, Gixunen, Samatzen, Erangon, Lasan, Izpuran, Lohitzune Oiergin, Garindainen edota Mitikilen. Denek ekoizpen desberdinak baldin baitituzte, lan egiteko manera batzu amankomunean dituzte: biologikoan ari dira. Horien argitan ezartzeko parada da Etxaldez Etxalde ekimena, eta biologikoari buruzko ideia batzuen eztabaidatzea ere. Pedagogiaren egiteko eguna da.
Lohitzune Oiergiko Paxkoteia etxaldeak bere ateak idekiko ditu. Edouard Exilar laboraria egunaz baliatzen da jendearen sentsibilizatzeko biologikoari, axurkiari, edota uraren baliatzeari.
Mozkin biologikoari buruz ez da aski komunikaziorik, apentziarik ere. Ene iduriko, ez gira aski ari urtean zehar.
Bisitak etxalde desberdinetan goizeko 10:00etatik goiti egiten ahalko dira. Aurten, hiru bisita desberdin egiten dituztenek egunean zehar, saski baten irabazteko zozketan parte hartzen ahalko dute. Ateak idekiko dituzten etxalde guzien lista atxemanen duzue haien webgunean.