Etxeko lanak esperientzia atsegin bilakatzen dituen tresna digitala

IAne aplikazio berriak etxeko lanak esperientzia lasaiago eta motibatzaile bihurtzeko helburua du. Adimen artifizialari esker, eskola eta familiaren arteko zubia eginez.

Etxeko lanak esperientzia atsegin bilakatzen dituen tresna digitala
(Ezkerretik eskuinera) Luxi Detchart, Biga Bai-ko koordinatzailea, eta Cécile Bouquier, IAne-ren sortzailea. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/11/10 07:00

Etxeko lanek, haur eta guraso askorentzat, eguneroko erronka bihurtu dira. Horri irtenbide berritzaile bat eman nahi dio IAne aplikazioak. Cécile Bouquier hezitzaileak sortua, IAne tresna digitalak etxeko lanak une argiago, motibatzaile eta partekatu bihurtzea du helburu.

Bere funtzionamendua sinplea da: gurasoek haurraren ikasgaiaren argazkia ateratzen dute, eta aplikazioak automatikoki berrikuspen-fitxak, ariketak eta azalpen egokituak sortzen ditu, haurraren interesen arabera moldatuak. Hori guztia adimen artifizialari esker. Teknologia horrek, gainera, aukera ematen du ikasgaiak hizkuntza ezberdinetara itzultzeko, eskolako eta etxeko hizkuntzak desberdinak direnean, gurasoek ere edukiak ulertu ahal izan ditzaten.

Sortzaileen hitzetan, helburua da eskola eta familiaren arteko zubia indartzea, eta etxeko lanak ikaskuntza atsegin eta eraikitzaile bihurtzea.
IAne dagoeneko hainbat ikastetxetan ari da probatzen, eta Biga-Bai eskola elebiduneko guraso-elkartearekin partaidetza berezia abiatu du, tresna hau komunitate elebidunetan ere baliagarria izan dadin.

Interesgarri izanen zaizu