Etxepare lizeoko hiru ikasle Baionako suprefetarekin bildu dira lizeoetako mobilizazioen harira

Manifestaldian joan dira lizeotik suprefeturara. Mathieu Duhameli haien "haserrea" helarazi diote, 25 minutuko bilkuran. Errepresiorik izan denik ukatu du suprefetak, eta ikasleen eskaerak prefetari helaraziko dizkio.

Etxepare lizeoko hiru ikasle Baionako suprefetarekin bildu dira lizeoetako mobilizazioen harira
Hirugarren egunez blokatu dute Etxepare lizeoa gaur ikasleek. EUSKAL IRRATIAK
Aimar Lopez Erasun
2026/10/05 16:03

"Hezkuntza duina eta gure hizkuntzan ikasteko aukera da eskatzen dugun bakarra": eskaera horrekin sartu dira gaur arratsaldean Etxepare lizeoko hiru ikasle Baionako suprefet Mathieu Duhamelen bulegora. 25 minutuko bilkuraren ondotik atera dira, engaiamendurik gabe, eta bereziki azken egunetan poliziak lizeoetako ikasleak jazarri dituen moduaz mintzatu ondoren. Errepresiorik izan denik ukatu du suprefetak, eta gainerateko eskaerak Pirinio Atlantikoetako prefetari helaraziko dizkiola agindu die ikasleei.

Manifestaldian iritzi dira suprefeturara Etxepareko ikasleak lizeotik, eta bilkuraren aitzinetik hitzartze batean azaldu dute hiru ikaslek zein diren haien eskaerak. Lizeoan bizi duten estresa ere izan dute hizpide ikasleek, argi; "Parcoursup sistema eta bazkaltzeko tarterik kasik uzten ez diguten ordutegiak abolitu" behar direla aldarrikatu du ikasle batek, suprefetura atarian. Irakasle kopuruaren murrizketa ere salatu dute, apaltze demografikoa "aitzakia merkea" dela deitoratuz eta gelak "ikaslez gainezkatzen" direla agertaraziz: "azken finean, [...] hezkuntza okertuz". Inbertsioak armamentuan egitea ere gaitzetsi dute: "Frantziak nahiago du etorkizunean armatu, begirada kritikodun gazteak hezi baino".

Hala, alternatiba "eskatzen eta eraikitzen" ari direla erran dute Etxepare lizeoko ikasleek gaur, eta hezkuntza "duin" baten beharra azpimarratu dute. "Mundu hobe bat eraikitzeko gosez" direla azaldu du bertze ikasle batek, baina "borroka [horren] aurrean ukan [duten] erantzun bakarra bortizkeria" izan dela oroitarazi. Poliziak azken egunetan "erabateko inpunitatez" jardun duela diote, gobernuaren aginduz. Atxilotu eta zaurituei elkartasuna erakusteaz gain, mezua eman diete suprefetari "eta beste boteredunei": "Jakin ezazue ez duzuela gure borroka, gure arrazoia armekin isilduko". Joan den osteguneko manifestaldian poliziak izan zuen jarrera euskarafoboa ere salatu dute: Etxepare lizeoko ikasle bat kolpatu eta gero, "beti dira euskaldunak" bota zuen polizia batek, bere kideen irripean.

Bihar, mobilizazio eguna

Bihar ere blokatzeak izanen dira Lapurdiko hainbat lizeotan, Frantzia mailan mobilizazio egun handia iragarria delarik. Euskal Irratiek jarraipen berezia eginen diogu egunari, Baiona ingurutik, 7:00tatik aitzina gure antenan, sare sozialetan eta webgune honetan.

Interesgarri izanen zaizu