Hamar ikasle atxilotu eta hainbat zauritu zituen atzo poliziak Baionan, lizeoetako mobilizazioetan

Gutienez Baionako Cassin, Etxepare, Paul Bert eta Louis-de-Foix lizeoak, Angeluko Cantau, Miarritzeko Ostalaritza lizeoa eta Hendaiako Aizpurdi lizeoa blokatuak dira gaur goizean. Polizia ikasleei oldartu zaie hainbat lizeotan.

Hamar ikasle atxilotu eta hainbat zauritu zituen atzo poliziak Baionan, lizeoetako mobilizazioetan
Baionako Etxepare lizeoa arrunt blokatua da, bertze hainbatetan poliziak atea ireki du. EUSKAL IRRATIAK
Aimar Lopez Erasun
2026/10/01 08:41

Aste hastapenetik Frantzia mailan sortu den ikasleen mugimendua Ipar Euskal Herrira hedatu zen atzo, eta gaur gutienez dozena erdi lizeo blokatuak dira Lapurdin. Ikas-baldintza txarrak salatzen dituzte orohar, eta lizeo bakoitzak bere aldarrikapen zehatzak ditu; Angeluko Cantaun, adibidez, irakasle, erizain eta langile lanpostuen kentzea salatzen dute, baita soldata apalegiak, ikasle sobera geletan, ikasleen prekaritatea, edota bastimenduen zahartasuna. "Erreusitzeak ez luke gure ongizatea kaltetu behar” idatzi dute. Baionako Etxepare lizeoan, euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidea ari dira aldarrikatzen.

Manifestaldian bildu dira Baionako lizeoetako ikasleak 11:00etan, goizean goiz haien ikastetxeak blokatu ondotik. Handia da poliziaren presentzia, eta kargak izan dira Baiona ttipian.


Polizia ikasleei oldartu zaie Baiona eta Angelun

Baionako Paul Bert lizeoan mobilizatua zen 19 urteko Wassimek LBD pistola baten jaurtigai batek kolpatu duela salatu die bertan diren kazetariei, begi ondoan zauri bat du. Laugako Louis-de-Foix lizeoko ikasleen aurka gas negar-eragilea erabili du poliziak gaur goizean, eta 10:30ak aldera, inguratuak zituen ikasleak poliziak, Euskal Irratiek bertan ikusi dugunez. Gasa jaurti dute Angeluko Cantau lizeoan ere, hainbat iruditan ikus daitekeenez.

Berriak jakitera eman duenez, gutienez hiru atxiloketa izan dira gaur goizean. Beste bat bertatik bertara ikusi du Lorea Mailharrancin Euskal Irratietako kazetariak: Laugako biribilgunean kalez jantzitako bi agentek gazte bat eraman dutelarik, 11:30ak baina lehentxeago.

Orotara, Baionako prokuradoreak emandako datuen arabera, hamar ikasle atxilotu zituen atzo poliziak, denak hamasei urte baina gazteagoak. Horietako seiri zigorra eman zieten berehala: hilabetez ezingo dira atxilotu zituzten lizeoen ingurura hurbildu, eta ikastaldiak jarraituko beharko dituzte. Bertze gazte bat haurren epaileari aurkeztuko diote gaur, biri hitzordua eman diete beranduagorako, eta azken bat kargurik gabe libre utzi dute.

"Beti euskaldunak dira"

Lekuko batek jakinarazi digunez, Etxepare lizeoko ikasle bati ere oldartu zaio polizia, eta eraso euskarafobo bat egin dute horretan. Lekukoaren arabera, zauritua Lauga inguruan zela, manifestaldian zihoan ikaslea, eta polizia agente bat frantsesez zuzendu zaio, bertatik pasatzeko debekua emanez. Ikasleak euskaraz egiteko eskatzean oldartu zaio polizia, eta hiru agente haren gibeletik korrika hasi zaizkio, harrapatu, belaunean borra kolpeak jo eta aurpegira gas negar-eragilea bota diote. Lurrean utzi dute ikaslea, eta abiatzean, frantsesez, "beti euskaldunak dira" entzun diote zaurituaren ikaskideek polizia bati. Ikaskideek lurrean atzeman dutenean, konortea galdua zuen. SAMUak artatu du, eta Baionako ospitalera eraman behar izan dute.

Biharko ez dute blokatzerik deitu Seaskaren lizeoan, baina elkarretaratze bat eginen dute 10:30ean, hitzartze batekin, poliziak gaur izan duen jarrera salatuz.


"Frantsesak ez izan arren, frantziar hezkuntza sisteman murgilduak garelako"

Manifestu bat irakurri dute 10:00etan Etxepare lizeoko ikasleek, gaurko ekintzaren arrazoiak zerrendatuz: irakasle eta langileen lan baldintzen okertzea eta postuen galera, Seaskaren finantzaketa eskasa, haien hitzetan "euskaraz ikastea elite bati mugatzen" diona edo baxoa euskaraz pasatzeko ezintasuna. Gainera, sostengua erakutsi diete azken egunetan Baionan zein Frantzian lizeoak blokatzeagatik "errepresio poliziala jasan dutenei", eta haiek "frantsesak ez izan arren", mobilizatzeko beharra zela erabaki du Etxepareko ikasle asanbladak, "frantziar hezkuntza sisteman" garatzen dutelako ikasketa prozesua.

Hain zuzen ere, IGPN poliziaren ikuskaritzak hiru bortizkeria polizial kasu ikerketapean ditu, astelehenean eta atzo poliziak larri zauritutako ikasleena. Tours hirian, ikasle batek begi batean zauri larriak jasan ditu, eta prokuradoreak LBD tiro batekin bateragarria dela argitu du.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu