Lekorne (Lapurdi)

Euri ura hobeki atxikitzeko eta baliatzeko, ur erreserba berri bat eraiki dute Lekorneko Garroan

Garroa kooperatibak erabaki du ur erreserba berri baten eraikitzea. Ideia da orain arte galtzen zen euri uraren baliatzea; bero handia den momentu honetan, proiektuak argitan ezartzen ditu baratzezainen zailtasunak eta gerorako kezkak.

Euri ura hobeki atxikitzeko eta baliatzeko, ur erreserba berri bat eraiki dute Lekorneko Garroan
2 500 m³ko ur erreserba eraiki dute Garroan. IRULEGIKO IRRATIA
Antton Castoreo
2026/06/24 07:45

Gerezietatik Lekorne zentroko bidea hartuz, Garroako gaztelua aitzin, eskuinetarik da izen bereko etxaldea. Eta hor, landa tokien ondoan da ur erreserba berria, 2.500 m³ko putzua. Ekainaren 23 honetan estreinatu dute ofizialki.

Garroako kooperatibako baratzezainek dituzten bastimenduen teilatuetatik eta negutegietatik heldu den euri urarekin betetzen dute, ondotik baliatzeko udan zehar nahi duten maneran. 100.000€ gostatu ditu proiektuak, baina horren eramateko, laguntza teknikoa eta diru laguntzak eskuratu dituzte, batez ere Uraren agentziaren eta Euskal Elkargoaren partetik.

Ura, beharrezkoa baina lanjerrean den baliabidea

Uraren Agentziaren eta Euskal Elkargoaren ordezkariek adierazi dute uraren gaia garrantzitsua zela. Hervé Damestoy laborantzaren ardura duen lehendakariordeak erran du "gaur egun arazoak [badirela] Elkargoaren eremuan ur kontsumoari begira".

Michel Bidegain Elkargoko langileak azpimarratu du Garroaren proiektua adibide on bat zela. Euri urari esker, sareko ura edo ur edangarria aurrezten da. Argiki erran dauku Michel Bidegainek Garroan egin den proiektuak ez duela deus ikustekorik beste toki batzuetan ikusten diren ur erreserba erraldoiekin. Ez dute hor zilatzerik egiten eta lur azpiko ur erreserbak ez dituzte hunkitzen. Euri urarekin lanean hartzea aterabide ona da bere ustez: "atxikitzea ura erortzen delarik, hori da zentzu ona".

Garroa kooperatibaren zuzendaria da Argitxu Ithourria. IRULEGIKO IRRATIA

Garai konplikatuak baratzezainendako

Garroako ur erreserba horren estreina berote handi batekin batean gertatzen da. Kooperatibako zuzendaria eta baratzezaina den Argitxu Ithourriak erran du gure mikroan garai zailak zirela baratzezainendako. Izan ere, baratzekariek ur anitz behar dute bizitzeko eta handitzeko. Ondorioz, beroteekin biziki sufritzen dute. Biziraun dezaten ureztatu behar dira baina ura aurreztu nahi bada, ez dira anitz handituko eta errendimendua ttipitzen da.

Argitxu Ithourriarendako, klima aldaketa begi-bistakoa da: "Neguak beroagoak dira, udak askoz beroagoak ere baina idorteekin ere". Landare moter buruzko gogoetak eraman beharko direla uste du: beharbada orain arte neguan landatzen diren baratzekari batzuk ezingo dira ekoiztu klima aldaketarengatik. Porruak, azak edo patatak landatzen segitu behar ote da? Arraposturik ez du Argitxu Ithourriak baina bere hitzetan, baratzezain anitz "inkiet eta beldur" dira.

Horretaz gain, jakin behar da ere Iparraldean kontsumitzen diren baratzekarien %80a kanpotik heldu dela.

Interesgarri izanen zaizu