Sei batzorde tematiko izanen dira gobernantzaren erdigunean: Elkarrekin bizi, Elkarrekin hazi, Ondasun amankomunak babestu, Euskal Herrian ikasi eta lan egin, Parte hartu eta kooperatu eta lurralde ekintzarako baliabideak.
Lehendakari gisa hilabete eginik, heldu diren urteetarako Euskal Hirigune Elkargoaren antolaketa aurkeztu du Alain Iriartek. 44 ordezkaritza izendatu ditu orotara, sei taldetan banatuak. Nicole Etxemendi, Itsasuko hautetsi garaztarrak ukanen du ardura berezia elkargoan, bi delegazio ukanen baititu bere gain, batetik, tokiko gobernantza eta herritarren parte hartzearena…eta bestalde, Etxebizitzaren arloa. Biak ala biak funtsezkoak Alain Iriarten programan. (Entzun Alain Iriarten arrapostua Nicole Etxemendiren izendatzeaz).
Ekonomiaren ardura, bi hautetsik elkarrekin ukanen dute: Peio Etxeleku Kanboko auzapezak, eta Sylvie Durruty, Baionako axuantak; Joseba Erremundegik Lurraren estrategia eramanen du; Laborantza Herve Damestoi, Lekorneko auzapezak hartuko du Isabelle Pargaden ordez ; hau, herrien geroaz axolatuko da; Antton Kurutxarrik segituko du hizkuntz politika eta kultura kudeatzen; eta Serge Blanco, Biarritzeko auzapezak, kirol arloko giderrak ukanen ditu.
Daniel Olzomendi Izurako auzapezak eta Jean François Irigoien Donibane Lohizunekoak ere errepikatzen dute postu berdinetan: turismo iraunkorrean eta mugikortasunean. Kotte Ezenarrok, ere finantzekin segituko du eta Eneko Aldanak edateko uraren eskuduntza hartuko du. Anne Marie Bruthe, departamenduko eta elkargoko lehen lehendakariordeak, laborantzako lur eta eremu naturalen babesteaz arduratuko da ; eta, Peio Abeberri biarriztarrak mugaz gaindiko harremanez axolatuko da. Chirstelle Mange Sohutako auzapeza, emazte eta gizonen arteko parekotasunaz okupatuko da, oroit, berak hartu zuela hitza Alain Iriarten izendatzearen egunean, hamahirugarren lehendakari orde postua galdegiteko, parekotasunaren izenean.
Maiatzaren 20an eginen dute batzorde eragileko lehen bilkura, eta, ekainaren 20an izanen da ondoko elkargoko biltzarra.
Albiste hau osatzen ari gara.