Euskal Herri osoko laborariak EB-Mercosur akordioaren aurka mobilizatuko dira gaur Biriatun

Deialdia EHNE, ENBA eta UAGN Hego Euskal Herriko laborantza sindikatuek egin bazuten ere, ELB eta CR sindikatuek batuko direla iragarri dute. 11:00etatik 15:00ak arte bilduko dira, Biriatuko muga blokatzeko asmoz.

Euskal Herri osoko laborariak EB-Mercosur akordioaren aurka mobilizatuko dira gaur Biriatun
Biriatuko ordainlekua traktoreek blokatua, 2024ko ekainean Euskal Herriko laborariek egindako azken mobilizazioan. ANTXETA IRRATIA
Aimar Lopez Erasun
2026/01/15 09:33

Mugarri berri bat izanen du gaur mobilizazio zikloak, eta Euskal Herri osoko laborariak bilduko ditu: Europar Batasunaren eta Mercosurren arteko merkataritza askeko hitzarmenaren aurka biltzeko deia egin dute, Biriatun. Joan den ostiralean onartu zuen hitzarmena Europar Kontseiluak, baina oraindik ere Europar Parlamentuan bozkatzekoa da, heldu den aste hastapenean segur aski. Parada hori presioa egiteko baliatu nahi dute euskal laborariek.

Behien DNKri loturik eta ondotik hitzarmenaren aurkakotasuna batuz, hilabete pasa du jada Ipar Euskal Herrian laborarien mobilizazio zikloak. Hego Euskal Herrian berriz, azken asteko kontua da, eta gaurkoa izanen da lehen hitzordu handia. Orain dela hamar bat egun egin zuten deialdia laborantzako hiru sindikatu nagusiek: ENBA, EHNE eta UAGNk.

Behien Dermatosi Nodular Kutsakorraren aurkako txertaketa duela astebete hasi zen Gipuzkoan, baina Ipar Euskal Herriarekin mugako lurraldeetan bertzerik ez dute eginen. Alta, abeltzainek Bizkaira eta Arabara ere hedatzea galdegiten dute, eta txertaketa zabaldu eta immunitatea hedatu artean behi bat erituz gero, tropa osoak hil behar ez izatea.

DNKren inguruko neurriak mugaren bi aldeetan antzekoak badira, Europar Batasunaren eta Mercosurren arteko hitzarmenaz posizioak arrunt ezberdinak dira. Joan den ostiraleko Kontseiluko bozketan Frantziak aurka bozkatu bazuen, Espainiar gobernua akordioaren aldeko sustatzailea izan da hastetik buru. Eusko Jaurlaritzak ere "aukera berriak" ikusten ditu hitzarmenean, eta litekeena da EAJko eurodiputatu Oihane Agirregoitiak akordioaren alde egitea heldu den astean. Honek zatiketa nabarmena sortu du Iparraldeko jeltzaleekin, akordioa "onartezintzat" jotzen baitute hauek.

Interesgarri izanen zaizu