Miarritze (Lapurdi)

Euskal Herri osoko laborariak saretu ditu Lurramaren hogeigarren edizioak

Arrakastatsua izan da atzo bukatu zen Lurramaren urteurren borobila. Etxaldeetako transmisioa eta laborari gazteak sostengatzearen beharra izan dituzte hizpide, besteak beste, solasaldietan.

Euskal Herri osoko laborariak saretu ditu Lurramaren hogeigarren edizioak
Milaka lagun bildu dituzte Lurramako egitarauaren momentu indartsuek. LURRAMA
Olatz Idoate
2025/11/10 10:06

“Bihar ere laborari” lemarekin, laborari berrien inportantzia, etxeko etxaldea berriz transmitituz edo etxalderik gabeko hautagaiei bidea idekiz, azpimarratua izan da hiru egunez Miarritzen iragan berri den Lurrama saloian. Milaka pertsonek parte hartu dute, eta berezitasuna izan ere aurten, zazpi probintzietako merkatua plantatu dutela, batzuen eta besteen aberastasun eta diferentziak erakutsiz.

Zentzu horretan ikusi behar ziren ere Gazaita eta Gazamaren rolak. Gazaita, Iñaki Itxausti, Gipuzkoako Zerain herrian plantatua, eta Gazama berriz Elena Agerre, baxenabartarra. Lurrama honek balio izan du ere agerian uzteko euskal herritar guziak ez daudela egoera berean laborantzari doakionez. Elena Agerre Iñaki Intxaustiren etxaldera joan da egin batzuk pasatzera eta hango egoeraz harritua izan da.

Agerrek oroitarazi du duela ez hain aspaldi, Ipar Euskal Herrian ere laborarien lana ez zela batere baloratua, baina jakin izan dutela egoera hori itzularazten, Lurramari esker besteak beste, eta aurtengo Lurramak balio izan duela ere mezu positibo hori helarazteko Hego Euskal Herriko laborariei.

Interesgarri izanen zaizu