(Ipar EH)

Herri izenen aldaera frantsesak ezabatu ditu Euskal Herrian Euskaraz taldeak

Xiberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko hainbat herrien sartzeetan diren herri izenen frantses idazkerak ezabatu ditu Euskal Herrian Euskarazek. Frantsestuak izatea inperialistatzat jotzen dute.

Herri izenen aldaera frantsesak ezabatu ditu Euskal Herrian Euskaraz taldeak
EHE Nafarroa Beherearen argazkia
Ihintza Arrieta
2025/11/10 12:19

EHEren arabera, bide seinaleetan, herrien euskarazko eta frantsesezko izenak erabiltzen dira, baina izen ofizial bakarrak frantsesezkoak dira, eta biak erabiltzen direlarik, lehentasuna frantsesezkoei ematen zaie.

Euskal ortografiarekin idatzitako izen batzuk frantsesez ahoskatzean, ez da euskarazko ahoskerarekiko ezberdintasunik eragiten, EHEk dio bere agerian, baina hala ere frantses ortografiarekin idatziak dira, adibidez Banca / Banka. Irrigarria dela dio EHEk.

Izenen frantsestearen ondorioz, euskarazko eta frantsesezko ahoskerak gehienetan ezberdinak dira, adibidez Bustince / Bustintze. Eta hori kaltegarria da EHErentzat.

Horrez gain, izen ainitzen jatorria, tokiaren izaerari lotua dela, gehitzen du EHEk bere agirian, eta ondorioz izen horiek euskaraz erran nahia badute, aldiz frantsestuak direlarik ez dute erran nahirik. Adibidez Larresoro, larre eta soro-tik dator, aldiz Larressore-ek ez duela erran nahirik dio oharrean EHEk.

Horiek hola, herrien izen euskaldunak frantsestea, euskara eta euskaldunak gutxiestea dela, dio euskararen defentsa taldeak. "Begirune eskas hori Ipar Euskal Herriko bide bazter guzietan da, herrien frantsestutako izenak seinale tauletan idatziak direlako eta izen hauen ondoan edo azpian doazelako izen euskaldunak". Adeigabea, EHEren erranetan.

Euskarari eta euskaldunei zor zaien begirunegatik, eta euskararen erabilpenaren egoera larriagatik, Xiberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko herrien izen euskaldunak ofizializatzea eta izen ofizial bakarrak izatea eskatzen du Euskal Herrian Euskarazek.

Horrela, euskara ez dakitenek euskal ortografia eta ahoskera ikas ditzaketela, eta Euskal Herriko jatorrizko hizkuntzaren ikasketan lehen urratsak eman ditzaketela gehitzen du.

Interesgarri izanen zaizu