Atharratze (Xiberoa)

Euskal Irratiak Korrikako lehen kilometroan lekuko eramaile: Euskara gara!

Ximun Carrere Euskal Irratietako lehendakariak eta Xarlot Etxeberri Irulegiko Irratiko kazetariak hartu dute 24. Korrikaren lehen lekukoa. AEKko ikasle ohiak dira biak: irratiak euskararen transmisioaren eta hedapenaren eragile garenaren seinale.

Euskal Irratiak Korrikako lehen kilometroan lekuko eramaile: Euskara gara!
Ximun Carrere eta Xarlot Etxeberri, Atharratzeko plazan lekukoa hartu berritan. AEK
Aimar Lopez Erasun
2026/03/19 18:14

AEKko Nazio Kontseiluko ordezkari Maider Hegiren hitzak ekarriko ditugu gaur lerro hauetara: “Milesker Gure Irratiari, Irulegiko Irratiari, Xiberoko Botzari, Antxeta Irratiari eta Amikuzeko Irratiari. Bihotzetik milesker euskararen normalizazioan eramaten duzuen lanarengatik, kalitatezko informazioa eskainiz.”

Sekulako giroan abiatu zen Korrika atzo Atharratzetik. Jendetza izigarriak lagundurik, emozioz beteriko momentuak bizitu ziren abiatzean, baita ere gaur goizalderarte Ipar Euskal Herrian egin dituen kilometroetan. Abiatzea, prefosta, berezia izan da eta aitzinetik eraman den lana anitz aipatu da.

Lehen kilometroa Euskal Irratiek egin genuen, milaka euskaltzaleren sustenguarekin. Ondotik, Maulerat heltzea eta Donapaleu, Hazparne eta Donibane Garaziko trabeskatzeak ere momentu bereziak izanen dira. 2.175 kilometro ditu aitzinetik Korrikak, martxoaren 29an Bilbora iritsi arte.

Interesgarri izanen zaizu