Euskal Irratien Argiz(h)ari podcasta Rikardo Arregi sarien finalera iritsi zen

Marie Hirigoien Bidart eta Pantxix Bidartek sorturiko emankizuna euskarazko kazetaritza sarien finalistetan izan zen ostiralean. XX. mende erditsuko artxiboak berreskuratzetik sortzen da saioa.

Euskal Irratien Argiz(h)ari podcasta Rikardo Arregi sarien finalera iritsi zen
Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietako finalistak, joan den ostiralean, Andoainen. RAKS
Aimar Lopez Erasun
2026/11/23 16:49

Ostiralean banatu ziren Andoainen Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak, euskarazko komunikazioak dituen garaikur gorenak. Argia aldizkariko Zigor Olabarriak jaso zuen kazetaritza saria, euskararen aurkako oldarraldi judizialaz egin zuen ikerketagatik. Komunikazio saria berriz, Puntu Eus fundazioaren ni.eus proiektuak eskuratu zuen.

Bigarren kategoria honetan lehiatu eta finalista kausitu zen Euskal Irratientzat Marie Hirigoien Bidartek eta Pantxix Bidartek ekoizten duten Argiz(h)ari podcasta. XIX. mende hondarrean argizarian soinuak grabatzen hasi zirenetik sortutako artxiboak euskarri, Ipar Euskal Herriak mende eta erdian izan duen bilakaera erakusten du podcastak, ikuspuntu artistiko batetik beti, historiari zorrotz begiratuz. Publikoarengana gutxi edo batere iritsi ez diren artxiboak ditu euskarri saioak, eta bi sortzaileek haiek atzeman eta zabaltzeko egindako lana txalotu zuten sariketaren antolatzaileek.

Interesgarri izanen zaizu